Espainiako Poliziak bost lagun atxilotu ditu Iruñean, ustez emakumeak prostituitzera behartzeagatik. Poliziaren datuen arabera, atxilotuak Brasilera joaten ziren, eta modelo edo zerbitzari gisa lan egingo zutela esanez, emakumeak ekartzen zituzten Iruñera. Iristean, ordea, ustez pasaportea kendu, eta klub batean prostituitzera behartzen zituzten.
Biktimak Iruñeko bertako bost etxebizitzatan bizi ziren. Etxebizitza horietan egoteagatik, gainera, 600 euro kobratzen zieten klubeko jabeek, Poliziak jakinarazi duenez. Gainera, biktimek salatu dutenaren arabera, egiten zuten oro kontrolatzen zieten.
Atxilotuen artean daude klubeko jabearen emaztea eta Brasilera joaten ziren bost garraiolari. Klubaren jabea ez dute atxilotu, atzerrian dagoelako.
Donostian, berriz, 35 urteko gizon bat atzeman zuten igandean bikotekide ohiari eraso egitea egotzita. Biktimak salatu zuen gertatutakoa. Ertzainei azaldu zienez, bikotekide ohiak mehatxu egin zion eta ondoren jo egin zuen. Ustezko erasotzailea emakumearen etxetik gertu atxilotu zuten, kalean zegoela. Andrearen postontzian kalteak egitea ere egotzi diote.
Andreak prostituitzera behartzea egotzita, bost pertsona atxilotu dituzte
Zerbitzari edo modelo gisa lan egingo zutela esaten zieten biktimei; Iruñean desegin dute sexu esplotazio sarea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu