Martxoak 8. Emakumeen Eguna

Andreek subjektu izan behar dute egoera politiko berrian, Bilgune Feministaren iritziz

Krisi ekonomikoa batez ere emakumeek jasaten dutela salatu du Bilgune Feministak, eta biharko protestetara dei egin du

Emakume Abertzaleen Topaketak egin zituzten asteburuan. I. ZABALETA / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Krisi giroak ezaugarrituko ditu Martxoaren 8ko ekitaldi gehienak, baina Euskal Herriko Bilgune Feministak gogoan hartu du egoera politikoa ere. Feministek prozesuari egin diezaioketen ekarpena nabarmendu dute, biharko egindako deialdian. Adierazi du herritarrek izan behar dutela bakerako eta normalizazio politikorako «hauspo» eta horretan emakumeek zeresana izango dutela. Horretarako, ordea, eginahala egiteko eskatu die andreei Bilgune Feministak: «Ez dezagun pentsa ekarpenak egiteko gune eta momentua eskainiko digutenik. Geuk sortu beharko dugu espazio hori». Aitortza politikoa ezinbesteko duela adierazi du.

Ekitaldiekin hasita dago Bilgune Feminista. Asteburuan, Leitzan, Nafarroan, elkartu ziren 600 bat andrazko, Emakume Abertzaleen Topaketetan. Horien ondotik, «indarberrituta» dago mugimendua, atzo ordezkariek azaldu zutenez. Parte hartze handia izan dute jardunaldietan, eta pozik dira. Gainera, urte berezia du aurtengoa Bilgune Feministak: hamar urte beteko ditu. Abagune horretan, berretsi du «proiektu politiko feminista bat» eskaintzen segitzeko asmotan dagoela.

Krisia izango da, hala ere, Martxoaren 8ko aldarria. Ondorio larrienak emakumeek jasaten dituztela salatu du Bilgune Feministak, eta gobernuak hartzen ari diren neurriek okertu egingo dutela haien egoera. «Bete-betean ari gara pairatzen krisiaren ondorioak, baina gobernuek entzungor egiten jarraitzen dute plazaratzen ditugun alternatiba bideragarri eta iraunkorren aurrean». Horiek horrela, mugimenduak «inoiz baino beharrezkoago» jo du kalera irtetea. Biharko ekitaldietan parte hartzeko eskatu du.

Andreen eskubideen aurka

Murrizketak dira albiste azken boladan, eta horrek emakumeengan duen eraginaz ohartarazi du Bilgune Feministak. Ezberdintasun sozialak handitzen ari direla. Emakundek esan berri du andre gazteak direla langabe gehienak.

Egoera hori iraultzeko bidean gizarte eredua bera aldatu beharra nahitaezkotzat jo dute. Bilgune Feministako kideen iritzirako, emakumeen eskubideen aldeko lanaren bidez lortu ahalko da gizarte bidezkoagoa. «Feminismoa baita sustraietara jotzen duen aldaketarako oinarria. Gu gabe ez delako justizia sozialik izango».

Ordea, ezkor dira gobernuen neurriekin. Andreei zenbait eskubide galarazi nahian ari direla uste dute: «Emakumeok etxera itzul gaitezen nahi dute». Etxeko lanak, umeen zaintza eta horrelako egitekoak emakumeenak soilik direla sinetsarazi nahi dute zenbait mugimenduk, Bilgune Feministaren iritzian. Areago, salatu du krisia aitzakia gisa erabiltzen ari direla ideia hori indartzeko eta andreak etxeko lanetara bideratzeko. «Iruzur» horren kontra bihar protesta egitera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.