UPD

Andres Herzog, ustelkeriaren aurka aritzetik alderdi bat zuzentzera

Abokatu donostiarrak hartu du UPD alderdiaren buruzagitza, Rosa Diezen partez. Batik bat, ustelkeriaren aurkako auzietan egin da ezagun.

Andres Herzog, larunbatean, Madrilen, UPDren eledun hautatu ostean. LUCA PIERGIOVANNI, EFE
2015eko uztailaren 13a
17:09
Entzun

UPD alderdiaren buruzagia euskal herritarra izango da aurrerantzean ere, Andres Herzogek (Donostia, 1974) hartu baitu Rosa Diezen (Sodupe, 1952) lekua. Orain arte alderdiko bigarrena zen Herzog, Carlos Martinez Goriarran ordezkatu ondoren. Larunbatean Madrilen egindako biltzarrean haren hautagaitzak UPDko afiliatuen botoen %43 lortu zituen, 802 boto. Irene Lozanorenak, %40; 57 boto gutxiago. Diezek ezarritako bideari jarraitzea edo Ciudadanos bezalako alderdiekin batzea zen eztabaidan zutena, eta emaitzek garbi utzi dute bi ildoen arteko aldea ez dela handia. Gauzak hala, alderdian dagoen kohesio falta handiari aurre eginda ekin beharko dio Herzogek Espainiako hauteskundeak prestatzeari —urte bukaeran izango dira—.

El País egunkariak igandean argitaratutako elkarrizketan, UPDren krisiaren arrazoiak "alderdi berrien agerpena eta Rosa Diezen higadura" direla adierazi zuen Herzogek. Alderdi berriek "tsunami" baten antzera pasatu dituztela gaineratu zuen. UPDn "aldaketak" egiteko unea iritsi zaiela uste du, nahiz eta bera Diezen proiektuaren jarraipen gisa jarri duten. "Arazoen aurrean hobeto erantzuteko alderdi sendoago bat sortu behar dugu".

Herzog abokatua da ogibidez: Nafarroako Unibertsitatean lizentziatu zen, 1997an. UPDko justizia saileko koordinatzaile izan da, eta herri akusazio gisa azaldu da ustelkeria kasu entzutetsu batzuetan; Bankia eta Caja Madrid kutxako txartel beltzen kasuen aurkako borrokengatik egin da ezagun, batik bat. Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren aurkako kasuan eta Kataluniako galdeketaren aurkako akusazioak ere egin izan dituzte Herzogek eta haren alderdiak, nahiz eta aurten UPDk Andaluzian lortutako emaitza txarrek 25 akusazio alde batera uztea ekarri zien, diru faltagatik. 

Herzogek urteak pasatu ditu abokatu lanetan, eta UPDn sartuta ere zeregin hartan jarraitu zuen. Norton Rose LLP (Londres) abokatu bulegoan praktikak egin ostean, Madrilen Garrigues bulegoan lan egin zuen hamar urtez, 2001etik 2011ra. UPDren Espainiako Kongresuko idazkari nagusia da.

UPD berria aurrera eramateko Diezen apustua izan da Herzog, eta berme horrekin aurkeztu zen larunbateko barne hauteskundeetara. Diez bezala, UPDren esentziaren defendatzaile sutsua da, ez baitu Ciudadanosekin bat egin nahi. Alderdiaren Erregenerazio Demokratikoa saileko arduradun gisa, hark eraman zituen Albert Riveraren Ciudadanosekin alderdiarekin izandako negoziaketak; ez ziren ados jarri. Hala ere, ez du baztertzen Espainiako bozen ostean haiekin hitz egitea.

Rodrigo Rato Bankia auziagatik Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan izana Herzogengatik gertatu zen, hein handi batean. Haren lana garrantzitsua izan da, halaber, Caja Madrideko preferentisten kasuan, hainbat lagun euren dirua errekuperatzen hasteraino. Haren arabera, UPDrentzako ustelkeria aurkako borroka funtsezkoa da. Euskal Herrian ere ustelkeria badela esaten du, "nahiz eta ez izan hain deigarria".

Hain zuzen, kargu gisa UPDren bozeramailea izango da Herzog. Gorka Maneiro Eusko Legebiltzarreko kidea idazkariorde gisa aukeratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.