Donostiako Zinemaldia

Ane Muñozek BERRIA saria jasoko du gaur, Euskal Zinemaren Egunean

Zinemaldiak Euskal Zinemaren Eguna ospatuko du gaur, 1997etik urtero legez egiten duen moduan. Orain arte IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatu du jarduna, baina aurten Zinemaldiak berak bat egin du ekimenaren antolaketan.

2007ko irailaren 26a
10:20
Entzun
Xabier Martin

Kalitateari zein kantitateari begira, «maila handiko egitaraua» eskainiko dute. Halaxe esan dute Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendariak eta Joxe Portela IBAIAko presidenteak. Egitarau hori Principe zinematokietan izango da 09:00etatik 23:00ak arte, eta Maria Cristina hotelean (22:30) egingo duten galak itxiko du ekitaldia.

Guztira zortzi film ikusi ahal izango dira, denak Euskal Herrian ekoitziak. Besteak beste, Eutsi!, La Influencia eta Caótica Ana emango dituzte. Azken hilabeteetan sortutako film berri horiekin batera, lan zaharragoak ere izango dira. Akelarre eta Gente de Mar historikoa eskainiko dituzte Euskadiko Filmategiak utzita.

EUSKAL EKOIZPENAREN ALDEKO GALA. Film laburrek izango dute tokia, halaber. Euskarazko zein gaztelaniazko 17 film laburren artean Loturak emango dute, BERRIA saria lortu duen lana. Gaueko galan Ane Muñozek jasoko du Antxon Mendizabalek sortutako garaikurra Martxelo Otamendiren eskuetatik. Bestalde, IBAIA saria Querida Bamako filmarentzat izango da, eta Amalaur saria Alberto Iglesias musikagilearentzat.

Mikel Olaziregiren arabera, filmak ikusteko ez ezik, «alor honetako euskal profesionalen topagune» gisa ere antolatu dute Euskal Zinemaren Eguna. Filmak eman aurretik, hainbat egilek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.