Anesvaden dirua irabazi ez, galdu egin zuela esan du presidenteak

Bederatzi milioi euro kontu pribatuetara desbideratzea egotzi diete gobernuz kanpoko erakundeko hiru kideri

Arnaitz Lasarte.
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Anesvad GKE gobernuz kanpoko erakundean euro bakar bat ere irabazi ez, eta diru asko galdu zuela adierazi du Jose Luis Gamarra erakundeko presidentea izandakoak: «Diruaz gain, bizitza osoa eskaini diot erakundeari». Atzo hasi zen Anesvadeko hiru arduradunen aurkako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. 1996tik 2006ra bitartean GKEren funtsetik kontu pribatuetara bederatzi milioi euro desbideratzea egotzi diete hiru akusatuei. Fiskalak uste du dirua helburu pertsonaletarako erabili zutela, eta ez erakundearen helburuetarako.

Martxoaren 16a bitartean epaituko dituzte Gamarra presidente ohia eta Francisco Martinez eta Jose Migel Sustatxa erakundeko finantza arduradun eta zuzendari nagusi ohiak. Gamarrari erakundearen 7,56 milioi euro berarentzat hartzea leporatzen diote; Martinezi eta Sustatxari, erakundearen700.000 euro hartzea. Bidegabe jabetzeagatik, sei urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak Anesvadeko arduradun izandakoentzat. Akusazio partikularra Anesvad erakundea bera da; akusatuei zortzi urteko zigorra ezartzea nahi du, eta oraindik itzuli ez duten dirua itzultzea erakundeari — hiru milioi baino gehiago falta zaie itzultzeko—.

GKEko bertako kide batek salatu zituen hiru arduradunak, eta Poliziak ikerketa hasi zuen. Gamarra 2007ko martxoan atxilotu zuen Ertzaintzak, Bilbon, gobernuz kanpoko erakundearen funtsaren jabe egin zelakoan; Anesvadeko presiente ohia kartzelatu egin zuten. Zazpi hilabeterautzi zuen aske epaileak,300.000 euroko bermea ordainarazita. Pasaportea kendu zioten, ihes egingo zuen arriskua zegoela iritzita. Izan ere, atzerriko hainbat kontutan dirua zuen Gamarrak; eta Anesvadeko presidente izateaz gain, Filipinetako ohorezko kontsula ere bazen Bilbon.

Gamarrak fiskalaren galderei erantzun zien epaiketako lehen egunean. Anesvaden kontuak «kutsatu gabe» daudela nabarmenu zuen atzoko saioan. Fundazioko presidente ohiak jakinarazi zuen «kontuaskotatik diru asko»atera izan duela, baina zehaztu zuen «inbertsioak egiteko» izan dela beti, inoiz ez etekin pertsonalak lortzeko. Diru mugimendu horien bidez erakundearen kapitala gehitzea lortzen zuela azaldu zuen Gamarrak — mugimenduetako batean 900.000 euro atera zituen—. Horretaz gain, akusatuak onartu zuen herritar batek herentzian erakundeari emaniko milioi bat euro Suitzan bere izenean zuen kontu batean sartu zuela. Nabarmendu zuen GKEko zuzendaritzak bere jardunaren berri bazuela. Fiskalak salatu du zuzendaritzako hainbat kide Gamarraren familiakoak zirela; gobernuko presidentea ere lagunez inguratzen dela erantzun du hark.

Anesvadetik Filipinetako kontsuletxearen kontura dirua pasatzea ere leporatzen diote Gamarrari. Presidente ohiaren arabera,kontsuletxearen kontua «lotura» bat zen Anesvaden eta Txinako Misioa eta Leproseria Culion elkarteen artean. « Lehen urteetan sakelak dolarrez beteta ibili behar izaten genuen; horrela ibiltzea ez zen bideragarria». Gobernuz kanpoko erakundeak bi elkarteekin harreman etengabea zergatik zuen azaldu zuen Gamarrak: «Bankuen eskaerak bete ahal izateko, Anesvadek uzten zien identifikazio fiskaleko zenbakia bi elkarteei».

Horregatik, Txinako Misioa eta Leproseria Culion elkarteen kontabilitatea Gamarrak kontrolatzen zuen. Batzuetan, gainera, kontu horietatik dirua atera zuen, Anesvadeko langileei eskupekoak emateko. «Anesvadeko diru guztia proiektu jakin batzuetara bideratua zegoen, ezin zen mugitu. Horregatik, beste elkarteez baliatzen nintzen». Langileak «lan bereziak» egiteagatik saritzen zituela argitu zuen akusatuak: «Anesvad gobernuz kanpoko erakunde bat da, baina enpresa batek bezala funtzionatu behar du. Bestela, ezingo luke aurrera egin». Fiskalaren arabera, adibidez, 200.000 euro atera zituen Gamarrak erakundearen kontutik, eta Bilboko Kale Nagusian etxebizitza bat erosi zuen. Gaurko saioan, Gamarraz gain, beste bi akusatuek ere deklaratuko dute.

44 urte gaixoei laguntzen

Anesvad gobernuz kanpoko erakundea 1968an sortu zuen Jabier Olazabal jesuitak. Geroztik, baliabiderik ez duten gaixoei laguntza ematea izan da da haren zeregina. Hiesa, legenarra eta halako gaixotasunei aurre egiteko hainbat proiektu abiarazi ditu mundu osoan. Besteak beste, lan egin du Filipinetako Culion irlan, legenarra duten gaixoei laguntzen. Gamarra atxilotu zutenean, 160.000 bazkide baino gehiago zituen erakundeak munduko 25 herrialdetan; eta urtean 35 milioi euroko aurrekontua zuen. Atxiloketaren ondoren, zuzendaritza berria izendatu zuten 2008an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.