Angel Berrueta hiltzeagatik zigortutako polizia eta haren semea kalera ateratzen dira baimenekin

20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Valeriano de la Peña poliziari eta 15 urtekoa haren seme Jose Migueli. Datorren larunbatean beteko dira sei urte Berrueta okina hil zutela. Haren familia eta Iruñeko Donibane auzoko hainbat bizilagun asaldatuta agertu dira hilketaren egileak jada kalera ateratzen direlako.

2010eko martxoaren 6a
15:52
Entzun
Valeriano de la Peña polizia eta haren seme Jose Miguel, Angel Berruetaren hilketagatik zigortutako bi lagunak, espetxetik kalera ateratzen dira baimenekin. Hala salatu dute gaur Berruetaren alargunak eta seme-alabek, Iruñeko Donibane auzoko hainbat bizilagunek eta Gurasoak elkarteko kideek babestuta egin duten agerraldian.

Datorren larunbatean beteko dira 6 urte aita-semeek Berrueta hil zutela. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatu handien ingurumarian ezker abertzalearen kontra zabaldu zen giroa puri-purian zela, Maria Pilar Rubio De la Peña aita-semeen emazte eta ama Berruetaren okidengira joan zen, atentatuak ETAri egozten eta erakunde armatu hori gaitzesten zuen kartel bat jartzeko esanez. Berruetak uko egin zion, eta, ondoren, aita-semeak joan ziren okindegira, aita pistolarekin eta semea labanarekin. Okina hil egin zuten, labanarekin eraso zein pistolarekin tiro eginda.

Gertakari horiek frogatutzat emanda, 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten De la Peña poliziari eta 15 urtekoa semeari.

Arestian aipatu bezala, Berruetaren senideak eta Donibane auzoko hainbat bizilagun harrituta eta asaldatuta daude hilketaren egile biak jada kalera ateratzen direlako, eta, kezka eta beldurra ere adierazi dute, Berrueta zenaren familiak behin eta berriz jaso baititu mehatxuak hilketa gertatu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.