Angel Figueroa euskal presoa ospitalean dago berriro -gaixotasun larria du-, Askatasunak jakinarazi duenez. Gasteizen Txagorritxu ospitalean dago igandetik. "Pasa den larunbat eguerdian krisialdia izan zuen eta gauerdian beste bat, larriagoa. Honen ondorioz, Txagorritxuko ospitalean ingresatu zuten igandean", dio Askatasunak, eta presoak han segitu beharko lukeela. "Orain, Txagorritxun dagoela, komenigarria luke bertan denboraldi bat egitea, ospitalean kartzelan ez duen lasaitasuna izaten baitu, kartzelako bizimodua eta ordutegia guztiz desegokiak direlako horrelako gaixotasuna duen pertsonarentzat".
Hala ere, atzo haren senideek bera ikusi gabe bueltatu behar izan zuten, aurretik bisita egitera joango zirela hitzartuta eduki arren.
Epilepsia tenporala du Figueroak (Getxo, Bizkaia; 36 urte), eskuinaldeko esklerosi mesialarekin. Garunean gaitzaren beste foku bat topatua diote eta, beraz, ebakuntzarik ezin denez egin, gaixotasuna bizitza osorako eta sendaezina izango zela jakinarazia diote medikuek. Konbultsioak, portaera aldaketak eta eldarnioak izaten ditu, besteak beste. Gainera, atakeak izaten dituenean konortea galtzen du, eta ausentsia luzeak izaten ditu.
Figueroak beharrezkoak ditu medikazio zorrotza, aldaketarik gabeko ordutegi finkoa, lo ondo egitea eta estresik edo tentsio unerik ez edukitzea. Espetxean baldintza horiek ez direla betetzen salatu du Askatasunak. 2006an ebakuntza egin zioten presoari eta, espero zitekeenaren kontra, ez du hobera egin, okerrera baizik. Askatasunaren arabera, espetxeko baldintzengatik gertatu da hori. Azkenaldian etengabeak izan dira Figueroa erietxera eraman duten aldiak.
Hura aske uzteko eskatu izan dute, eta presoari baldintzapeko askatasuna ukatu izana salatu. Gaixotasun larria duelako Figueroa aske uzteko eskatutakoan, gaitz hori espetxean "jasangarria" dela erantzun diote, libre ez uzteko argudio gisa. Langraizko (Araba) kartzelan daukate gaur egun.
Hamahiru urte daramatza preso. Espainiako Justiziak 30 urteko kartzela zigorra jarri zion.
Euskal presoak
Angel Figueroa presoa erietxera eraman dute berriz ere
Gasteizko ospitale batean dago igandetik. Epilepsia tenporala du, eskuinaldeko esklerosi mesialarekin. Gaixotasuna bizitza osorako eta sendaezina izango zela jakinarazia diote medikuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu