Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak utzi egin du Madrilen ustez Jose Javier Mujika Leitzako UPNko zinegotzi hil zutenen aurkako epaiketa. Murillok gaur epaiketan abstenitzea erabaki du atzo egin zituen adierazpenen ostean. Ondorioz epaiketa bertan behera geratu da, eta bihar berriro hasi beharko dute.
Jose Javier Garcia Gaztelu, Antoni Otegi, Oskar Zelarain eta Juan Carlos Besance ari dira epaitzen, eta atzo Mujikaren alargun Adoracion Zubeldiaren lekukotasuna entzun ondoren, oharkabean mikrofonoa zabalik hitz egin zuen Murillok: "Emakume gaixoa. Eta zerri hauek barre egiten dute gainera!".
Goizean Jose Bono Espainiako Kongresuko presidenteak garrantzia kendu nahi izan die Murilloren adierazpenei. Ez da, ordea, Murillok epaiketan subjetibotasuna agertzen duen lehen aldia. Joan den otsailaren 8an Murillok Arnaldo Otegiri ezarritako bi urteko kartzela zigorra atzera bota zuen Auzitegi Gorenak.
Jose Maria Sagarduiri preso zela egindako omenaldian parte hartuta, «terrorismoa goratzea» egotzi zion Murillo buru zuen epaimahaiak Otegiri. Auzitegi Gorenak, aldiz, ez zuen epai hori onartu, «aurreiritzietan oinarritutako erruduntasuna» ezarri zela argudiatuta. Ondorioz, Otegi berriz epaitzeko agindu zuen Gorenak.