Espero bezala, lurralde elkargoaren kontra bozkatu dute hautetsiek Angelun. Bosgarren herria da jarrera hori hartzen, baina tartean Ipar Euskal Herriko bi hiri handienak daudenez, Miarritze eta Angelu, ezezkoaren aldekoek ordezkatzen duten biztanlegoaren kontaketan nabarmen egin dute gora azken egunetan. Miarritzek ere, hirugarren handienak, ezetz bozkatu zuen ostegunean, eta horiekin 32.000 herritar zeuden ezezkoen multzoan ordezkatuta. Angeluko 39.184ak batuz gero, 71.184 dira.
Bozketa sekretuan egin dute Angelun. 35 hautetsik egin dute hirigune elkargo bakarraren kontra, eta hiruk alde; batek zuri bozkatu du. Bozketa egin aurretik eztabaida izan da, eta Claude Olive auzapezak behin eta berriro egin du elkargo bakarraren kontra. Esan du, beste batzuen artean, elkargo bakarraren proposamenean irizpide demografikoak ez daudela behar bezala aintzat hartuak, eta federazio baten aukera, "metropoli poloa adibidez", hobe litzatekeela gaineratu du. Eztabaida bukatu ondoren ere, jarrera hori azpimarratu du eta espreski eskatu du kontra bozkatzeko.
Gauzak horrek, irailean egin zen bozketan baino boto bat gehiago izan da lurralde elkargoaren kontra. Eztabaidan Sandrine Dervillek, Sylvie Laplacek eta Jean-Louis Dulacek iragarri dute elkargo bakarraren aldeko botoa.
Montorik eta Landibarrek ere ezetz bozkatu dute asteburuan. Hala ere, ez dira baiezkoa ordezkatzen dutenen gainetik jarriko, horiek 124.000 baino gehiago baitira. Azken orduetan baiezkoaren aldekoak nagusitu dira, besteak beste, Arbonan, Heletan, Ezpeze-Ürdüreinen, Mendiben, Lekornen, Duzunaritzen eta Ainharben.