Lan gatazka

Angeluko suhiltzaileek bertan behera utzi dute greba, 42 lanpostu gehiago lortuta

Departamenduarekin hitzartutako itunaren arabera, suhiltzaileen %70 12 orduko lanaldira pasatzen ahalko dira, eta 24 orduko lanaldiak egiten dituztenei oren gehiago ordainduko zaizkie. Frantziako Estatuari begira, mobilizatzen segituko dutela erran dute.

Suhiltzaileen protesta, uztailaren 24ean, Baionako suprefetura aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko urriaren 7a
15:36
Entzun

Urriaren 1ean egin zuten bilera Angeluko suhiltzaileen bozeramaileek Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkariekin. Ekainetik greban zeuden suhiltzaileak, 24 orduko lanaldiak, oren gehigarri pagatu gabeak eta postu eskasia pairatzen zituztela salatzeko. Otsailetik goiti, departamenduko segurtasun sailarekin negoziatzen hasi ziren, hark baitu suhiltzaileen ardura.

Kittof Bordagarai ofizioko suhiltzailea da, eta sindikatuko bozeramailea. Departamendu osoko suhiltzaileen “segurtasuna bermatzeko”, ehun postu berriren beharra ikusten zuen, 24 orduko lanalditik 12 ordukora pasatzeko. Urriaren 1eko bilkuran, departamenduak 42 postu eskaintzeko proposamena egin zuen, eta suhiltzaileek, “gehiagoren beharra baldin bada ere”, onartu egin dute ituna. Horren bidez, suhiltzaileen %70 12 orduko lanaldira pasatzen ahalko dira. Departamenduak, hala ere, baldintza bat jarri du postu horien irekiera segurtatzeko: 1,764 milioi euro lortu beharko du segurtasun sailak departamenduaren aurrekontu orokorretik.

Horrez gain, 24 orduko lanaldiak egingo dituzten suhiltzaileei orain arte baino oren gehiago ordainduko zaizkie. Orain arte, 24 orduetatik 17 pagatuak zituzten; hemendik aurrera, 18 edo 19 pagatuak izanen dituzte. Bestalde, eguneko operazio potentziala (EOP) —zerbait gertatzen bada mobilizatzeko derrigortuak diren suhiltzaile kopurua— apaltzeko asmoa zeukan departamenduak. Suhiltzaileen mobilizazioa dela eta, atzera egin du, eta bere horretan geldituko da EOPerako kopurua.

Departamenduan mobilizazioak etetea erabaki badute ere, suhiltzaileak Estatu mailako aldarriekin mobilizatzen segituko dute. Arriskudun lanbide gisara aintzat hartuak izatea nahi dute aspalditik suhiltzaileek, arrisku lansaria ukaiteko. Horregatik, urriaren 15ean Euskal Herritik dozenaka suhiltzaile joango dira protesta egitera Parisera. Erretreten erreforma ere begi txarrez ikusten dutela adierazia dute: egun, 57 urterekin joan daitezke erretretara, baina beldur dira adina goratuko duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.