Sutea

Angeluko sutea ez da «jatorri naturalekoa» izan

Inkesta bat abiatu du Baionako auzitegiak. Sua giza jatorrikoa dela adierazi dute bildutako lehen frogek.

Angeluko Xiberta oihanean piztu zen sua. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko abuztuaren 3a
10:35
Entzun

Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen iragan ostegun arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, inguruko etxeetaraino zabaldu ziren garrak iluntzerako, baita ke hodei handiak ere. Suteak basoaren zati handi bat kiskali zuen, ehun hektarea inguru —beste 65 ere hondatu ditu—, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren esanetan. Sua nola piztu zen jakiteko, inkesta bat abiatu zuen Baionako auzitegiak. Lehen frogen arabera, suak ez du jatorri «naturala» izan. Oraindik frogatzeko dago istripu batengatik edo giza borondatez piztu den sutea. Suhiltzaileak Angeluko oihana zaintzen ari dira geroztik, «badaezpada», nahiz eta sua berriz pizteko arriskurik ez duten ikusten.

Orok Bat kirol zelaiaren ondoan hasi zen sua, ostegun arratsaldean. Iragan larunbatean Tolosatik eta Marseillatik (Okzitania) etorritako polizia unitate bereziak egon ziren bertan, eta suaren jatorria ezagutzeko frogak aztertzen ari dira. Lehen zantzuen arabera, ez du aire gaiztoak edo kable elektriko batek eragin sutea. Giza esku-hartzea gertatu dela esan nahi du, inkestaren arabera. Zehaztu dutenez, zigarreta mutur batengatik edo berinezko botila batengatik piztu ahal izan da sutea: istripuz, beraz.

Sutean 11 etxe kaltetu ziren; bost etxebizitza han ez inor bizitzeko eran geratu ziren; hiru, arrunt kiskalita. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera «drama bat da, katastrofe bat».
Bestalde, jakinarazi du oihana berriz landatuko dutela, «arrisku guztiak saihestuz». Suak kiskali zuen Izadia parke ekologikoa ere berriz landatuko dutela segurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.