Animalien babeserako lege proposamena erregistratu dute EAJk eta PSE-EEk

Lege proposamenak debekatu egiten du harrera zentroetan animaliak hiltzea. Gainera, animalien kontrako erasoak egiteagatik 100.000 eurorainoko isunak proposatzen ditu. 

Lege proposamenak zehazten du ezingo direla harrera-zentroetan dauden txakurrak hil. GORKA RUBIO/ FOKU
2021eko ekainaren 2a
16:19
Entzun

Eusko Legebiltzarrean animalien babesa areagotuko duen lege proposamen bat erregistratu dute EAJ eta PSE-EEk. Lege proposamenak debekatu egiten du harrera zentroetan animaliak hiltzea, eta 100.000 eurorainoko zigorrak ezartzen ditu. Bi alderdiek aitzineko legegintzaldian Elkarrekin Podemosek aurkeztutako lege proposamena hartu dute oinarritzat lege proposamen berria idazteko. Egun, 1983an onartu zen Animalien Babeserako Legea dago indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Lege proposamenak debekatu egiten du harrera zentroetan animaliak hiltzea, animalia horiek gunean daramaten denbora edozein dela ere. Albaitari baten txostenarekin baizik ezingo dira hil, eta animaliaren osasun arrazoiak edota osasun publikoko arrazoiak baldin badaude. Gainera, kasu horietan metodo «ez-krudelak» eta «minik gabeak» erabili beharko dira, eta albaitari profesional batek egin beharko du. 

Animalien eutanasiaren figura ere aurreikusten du lege proposamenak. Eutanasia gaixotasunen bat duten animaliengan aplikatu beharko da, eta beti ere gaixotasuna «sendaezina» edo «mingarria» bada. Kasu horretan ere albaitariak aplikatu beharko du eutanasia.

Debeku batzuk ere ezarri nahi ditu lege proposamenak. Bertzeak bertze, animalien arteko borrokak,  animaliekin egiten diren zirkuetako ikuskizunak eta ferietako ikuskizunak. Gainera, animalien salmenta horretarako baimena duten establezimenduak bakarrik egiten ahalko dute, eta ez norbanakoek. Salmenta puntu horietan ezingo dira animaliak bizirik erakutsi, eta horien salmenta katalogo bidez bakarrik egiten ahalko da. Arraza arriskutsuko txakurrei dagokienez, horiek izateko lizentzia berezia izan beharko da, eta beharrezkoa izango da antzutzea. 

Isun gogorragoak 

EAJk eta PSE-EEk aurkezturiko lege proposamenak 100.00 euro arteko isunak ezartzen ditu animalien kontrako erasoak egiten dituztenentzat. Eraso larritzat jotzen ditu bertzeak bertze animaliari hiltzerainoko tratu txarra ematea; albaitaririk gabe hiltzea, antzutzea edo mutilatzea; pozoitutako jakiak bide publikoetan uztea eta animalien borrokak sustatzea. 

Animaliak erregistratzeko betebeharra ere jasotzen du lege proposamenak. Jaiotzen direnetik bi hilabeteko epea zehazten du, eta erosketatik hamar egunekoa. Gainera, heriotzaren berri ere eman beharko dute, gehienez ere urtebeteko epean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.