Euskal presoak

"Aniztasuna eta indarra", korapiloak askatzeko

Orain Presoak dinamikak deituta, manifestazioa egin dute Donostian 40.000 lagun inguruk. "Elkarbizitzaren" aldeko mezua zabaldu dute aurrena Miramar jauregian egindako ekitaldian. Amaieran, "elkarrekin lan egitera" deitu dituzte herritarrak. Zuzenean kontatu du BERRIAk.

2018ko urriaren 20a
06:44
Entzun

Aurreko egunetan ere bazegoen aztarnarik, eta larunbat goizean bertan horixe nabarmendu dute Olatz Iglesias eta Mikel Casado deitzaileek: "Orain arteko manifestaziorik pluralena izango da". Sindikatu nagusi guztiek emana zioten atxikimendua deialdiari, eta alderdien artean ere ezohiko zerrenda zuten osatua: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EH Bai, ELLV... Erantzun du jendeak ere: 40.000 lagun inguru atera dira Donostiako kaleetara, antolatzaileen esanetan.

Eta aniztasun hori, indar hori bera bihurtu dute mezu amaierako ekitaldian Orain Presoak dinamikako kideek. Arantza Aldeazabalek hartu du hitza: "Gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan dezagun. Badugu zer egina, baina, garrantzitsuena dena, badugu zer egin horiek aurrera eramateko behar dugun indarra, konbentzimendua eta ardura".

Zeregin horiek zein diren, nahikoa argi erakusten zuen manifestazioaren goiburuak: Orain Presoak. Ekainean aurkeztu zuten dinamika —maiatzean ETA desegin eta gutxira—, eta lau lehentasun ezarri zituzten, "urgentziaz", oraindik orain indarrean direnak: "Senideak zigortzen dituen urruntze politika amaitzea; gaixo larriak etxeratzea, behar duten arta jaso dezaten; graduen progresioa; eta zigorren batzea". "Ez diegu guk bizitakoa gure ondorengoei oinordetzan utzi nahi". Hala, "elkarrekin lanean" jarraitzera deitu dute.

Berhokoirigoin: "Abiaduraz aldatzeko unea"

Bakegileek erabili zuten lehenago Orain presoak leloa, abenduaren 9an Parisen egin zuten manifestazioan. Mixel Berhokoirigoin aritu da, beste zenbaiten artean, bakegileen dinamikan, eta Donostian izan da gaur. Bakerako, hiru erronka aipatu ditu Berhokoirigoinek: biktimak, presoak eta elkarbizitza. "Bakoitzaren indarra eskatzen du, gobernuen inplikazioa eskatzen du, bakea denentzat ona baita. Bakearekin, guztiak irabazle baikara, egin dezaegun guztiak irabazle izanen garen bakea. Eta, agian, egungo egunak beharko du helburu hori elikatu".

 

Manifestazioan 40.000 lagun inguruk hartu dute parte, antolatzaileen hitzetan. Miramarko ekitaldiaren ondoren, Antiguoko tuneletik irten da martxako burua: oihal handi bat, dinamikako kideen eskuetan. Euskal presoak etxera oihuak izan dira nagusi ibilbidean zehar —amnistiaren aldekoak ere izan dira—, eta Bulebarrean amaitu da martxa. Artzain Onaren katedralaren aurrean, emakume presoen egoera ere izan dute gogoan, pankarta batekin: "Emakume izateagatik, bakartuago eta urrunduago".

Ekitaldiaren amaieran, dinamikan lanean aritutakoak eta martxan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu Aldeazabalek: "Batzen gaituzten oinarrien inguruan lan egitea ezinbestekoa da. Elkarbizitzarako, bakerako, konponbiderako: orain presoak".

Manifestazioaren aurretik, elkarbizitzaren aldeko ekitaldi bat egin dute Miramar jauregian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.