Eguraldi txarrari aurre eginez, jendetza bildu zen atzo Bizkaiko ikastolen aldeko jaian. Goizean eman zioten hasiera ospakizunari, Europako Hirien Parkean. Bertan izan ziren, besteak beste, Nagore Iturbe ikastolako lehendakaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Lau gune eta 6,5 kilometroko ibilbidea izan du aurtengo Ibilaldiak. Gernika-Lumon izan zen jaia, baina guneetako batek, Urdabai izenekoak, herriko mugak gainditu zituen, Foruan baitzegoen. Bestalde, omenaldi berezi bat egin zuten Zimela jatetxean: euskalkien alorrean lan egiten duten elkarteak eta erakundeak omendu zituzten.
Berrikuntzak ere izan dira aurtengo Ibilaldian. Aurreneko aldiz, ikastolen arteko Erronka antolatu dute. Bizkaiko ikastoletako ikasleak lehian izan dira hainbat probatan. Antolatzaileen helburua da jaiaren hasierako sustraiak berreskuratzea, "ikastolen presentzia indartuz eta gazteen parte hartzeari garrantzia emanez". Hori dela eta, Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak herrialdeko ikastola guztiei gonbita egin zien jaia parte hartzaile bihur dezaten.