GIZARTEA

Aniztasunaz gogoeta egiteko dokumental bat osatu du Juanba Berasategik

[Youtube]http://youtu.be/Wgz7NR9BItY[/Youtube] Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, 'Gu, jatorri anitz, herri bat' izeneko dokumentala aurkeztu dute.

jon eskudero
2013ko urriaren 2a
18:40
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gu, jatorri anitz, herri bat izeneko dokumentala aurkeztu du. Juanba Berasategi egile  pasaitarrak zuzendu du, eta aniztasunari buruzko eztabaida sustatzea dute helburu. Marcos Nanclares Diputazioko kideak azaldu duenez, Gipuzkoa eta Euskal Herria oso aniztunak dira jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta identitateari dagokionez, eta aniztasun hori kudeatu beharra dago. Horregatik, helburua garbia da: "Dokumentalaren bidez eztabaida eta gogoeta eragin nahi dugu: nola kudeatu behar dugu aniztasuna kohesio elementu izan dadin?". Gipuzkoako Foru Aldundiak oso argi du aniztasuna balio positiboa dela. "Ez da mehatxua; aitzitik, aberasgarria da eta, kudeaketa egoki baten bitartez, elkarbizitzarako elementu bihur daiteke".

Dokumentalean mota guztietako iritziak daude, aniztasunarekin nolabaiteko lotura duten pertsona asko agertzen dira, baina erantzunik ez dagoela esan du Nanclaresek: "Erantzun hori denon artean bilatu behar dugulako, denon artean eraiki. Dokumentalak galdera egiten du, eta Gipuzkoako jendarteari dagokio eztabaidatzea eta erantzuna bilatzea".

Dokumentala hilaren 8an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Dena den, gerora ere emango diote erabilerarik lanari, hainbat udal eta gizarte eragilerekin hitzarmena egin baitu diputazioak: "Dokumentala hainbat herritan jorratuko dute, eta ikus-entzunezkoa ikusi ondoren eztabaidak sortzea da gure xedea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.