Antolatzaileen gaueko agerraldiko oharra

2014ko apirilaren 13a
22:59
Entzun

"21:00etan, herriko plazan, galdeketa antolatu duen A13 herri plataformako taldekideek bozketaren berri emateko egin duten agerraldian, Etxarri Aranatz herria eta Lixarrengoko kontzejua zoriondu nahi dute, baita Euskal Herria ere. Demokrazia praktikatu nahi duten herritarrentzat gaurkoa egun handia izan da, herriari hitza emateko aukera luzatuta herritarrek hitza hartu dutelako.

Ariketa demokratikoa burutu da, ariketa sinbolikoa baina sinbolo guztiek duten indar eta pisuarekin.

Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? izan da galdeketaren bidez luzatu den galdera.
Emaitzak ezagutzera eman aurretik, eguna zifren gainetik neurtu beharra dago, emaitza bera garrantzitsua izanda ere prozesua bera burutzeak garrantzi handiagoa duelako. Etxarri Aranatzen erabakitzeko eskubidea benetako demokraziari bizkar ematen dioten boteredunen monopoliotik atera, eta herritarren esku jarri da, zilegitasun eta berme guztiarekin, eta horixe da benetako emaitza. 

Prozesua erabateko bermeaz burutu zedin bertako eta kanpotik etorritako ikuskatzaile taldea izan da lanean.

Etxarri Aranatzen gauzatu zen azken erreferenduma 2005ean Europako Konstituzioari buruzkoa izan zen. Egun hartan 808 etxarriarrek eman zuten botoa.

Gaur, independentziari buruzko galdeketa honetan, 1.990 pertsonetatik 851k (%42,76) hartu dute parte.

- Baiezkoak: 804 boto.
- Ezezkoak: 18.
- Txuriak: 26.
- Baliogabeak: 3.

Aurrera begira zer gertatuko den galdera behin eta berriz egin diotela aipatu du Manu Gomezek, A13 herri-plataformako taldekideak. Haren esanetan, lanean jarraituko dugu, orain arte baino gogo eta indar gehiagorekin, gaurkoan ariketa sinbolikoa izan dena bihar benetakoa izan dadin, erabakitzeko eskubidea erabat gauzatu arte. Euskal Herritarrek erabaki nahi badute, haien esku dago. Ekainaren 8ko hitzordua ere ekarri du gogora, Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katea, eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu du.

Herri galdeketa antolatzeko hilabeteetan jaso eta barneratutako ezagutza eta esperientzia guztia Euskal Herriko beste edozein herri edo lantalderen esku uzteko konpromisoa hartzen du herri plataformak.

Bukatu aurretik, prozesu luzean bidean izan ditugun lagun guztiak eskertu nahi ditu herri plataformak, inor kanpoan utzi gabe; Herrialde Katalanetatik jasotakoa azpimarratu nahi dugu.

Gaurko intzidentziak:

- Bozka aurretik emandako pertsona batek gaur berriro bozkatu du, eta aurretik emandako bozka baliogabetu da.
- Bi bozka postazalik gabe zeuden.
- Postazal batzuetan bi papeleta zeuden; berdinak izanez gero bat zenbatu da eta bestea baliogabetu, desberdinak izanez gero baliogabetu da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.