EUSKAL HERRIA

Antolinek eta Aierdik zegokien lana normal egin zutela adierazi dute lekukoek

EHUko errektoreak, errektore ohiek, hainbat garaitan dekano taldeetako kide izandakoek, irakasleek, administrazioko langileek eta unibertsitateko legalariek deklaratu dute lekuko gisa, eta guztiek esan dute akusatuek ez zutela ezohiko ezer egin; beren lana egin baino ez. Bihar amaituko da epaiketa.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko martxoaren 12a
18:03
Entzun

Amaitu da lekukoen txanda Enrike Antolin eta Xabier Aierdi EHUko irakasleen aurkako epaiketan. Unibertsitateko hainbat alorretako hamahiru langilek deklaratu dute gaur, eta guztiek esan dute akusatuak ohiko prozedura erabilita aritu zirela Belen Gonzalez Peñalva eta Angel Maria Lete deportatuak formatu eta aztertzeko garaian. Ziurtatu dute bi akusatuek bezala jokatuko luketela haien tutore izatea egokituko balitzaie.

Ia lekuko guztiek esan dute jakina zela presoak eta deportatuak zeudela ikasle bereziez osatuta jasotzen zituzten zerrendetan. Izan da horren berri ez zuela deklaratu duenik ere, baina, ikasle deportaturik izango balute, horiek ere eskolak ikasgelan hartzea ezinezko duten ikasle berezien taldean sartzea izango litzatekeela prozedura logikoena.

Irakasleen lana matrikulatuta dauden ikasle guztien prestakuntza eta ebaluazioa bermatzea dela ziurtatu dute guztiek, eta matrikulazio irizpideak erabakitzea ez dagoela haien esku. Irakasleei matrikulatuta dauden ikasleen zerrendak heltzen zaizkiela kontatu dute; eurek ez dutela inolako ahalmenik zein ikasle onartzen den edo ez erabakitzeko.

Lekuko gisa aritu direnen artean izan dira, besteak beste, Iñaki Goirizelaia errektorea, Pello Salaburu errektore ohia, Imanol Zubero, Jose Manuel Castels, Josu Txueka, Alfonso Unzeta eta Mikel Urkijo irakasleak, EHUko Idazkaritzako arduradunak eta zerbitzu juridikokoak.

Lekukotza guztiak entzun ondoren, hasierako eskaerei eutsi diete alde guztiek: absoluzioa eskatu du defentsak, eta zigorra akusazioek; zortzina urteko inhabilitazioa fiskalak, eta bederatzinakoa akusazio partikularrek. Bihar azalduko dituzte ondorioak alde guztiek, eta akusatuei azken hitzak esateko aukera eman ondoren bukatuko da epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.