Antsoaingo hilketarekin lotu duten adin nagusikoa, preso

Asteburuan atxilotu zituzten bi adingabeak aske utzi ditu epaileak, Adingabeen Fiskaltzak deitu bitartean

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Epaileak espetxera bidali du asteburuan Antsoainen (Nafarroa) jazotako hilketarekin zerikusia duelakoan atxilotutako adin nagusiko gaztea. Hilketa delitua leporatu dio epaileak, atzo deklarazioa hartu ostean. Aldiz, asteburuan atxilo hartu zituzten bi adinbageak aske utzi dituzte, eta Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko zain daude, haren aurrean beren bertsioa emateko. 30 urteko gizon bat hil zuten Antsoainen, labankadaz. Igandean deklaratu zuten atxilotutako bi adingabeek, eta biak aske uzteko agindu zuten atzo.

Igande goizaldeko ordu txikietan gertatu zen erasoa, 01:00ak pasatxo zirelarik. Jaietan ziren herrian. Antsoain erdialdeko taberna batean sartzea galarazi zien atezainak hiru gizonezkori, liskarzaleak zirelakoan. Poliziaren arabera, debekua ez zuten aintzat hartu hirurek, eta oldartu egin zitzaizkion segurtasun zaintzaileari. Beren furgonetan zeukaten labana handi bat hartu, eta bi sastada eman zizkion erasotzaileetako batek biktimari, eta sabelean zauri larriak eragin zizkion.

Larrialdietako zerbitzuek shock egoeran eraman behar izan zuten Iruñeko ospitalera, eta, ordu gutxiren buruan, goizaldeko bostak aldera, zendu egin zen, jasandako zauri larrien eraginez. Ospitaletik Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura eraman zuten hildakoaren gorpua, autopsia egite aldera.

Erasotzaileak, ihesean

Artean, furgonetan igo eta ihes egiten saiatu ziren hiru erasotzaileak, baina, lekukoek Foruzaingoa eta Udaltzaingoa ohartarazi izanari esker, herritik irten aurretik harrapatu ahal izan zituzten iheslariak. Poliziaren arabera, agenteei aurre egin zieten, baina gidariaren leihatila apurtu eta geldiarazi egin zituzten. Gertaeraren lekuko izan ziren zenbait bizilagun erasoan joan zitzaizkien hiru gizonezkoei, baina poliziek geldiarazi egin zituzten horiek ere. Ustez hilketan parte hartu zuten hiru erasotzaileak atxilotu egin zituzten: ustez biktimari sastadak eman zizkion gizonezkoa eta zaurituari oldartu zitzaizkion adingabe biak.

Hirugarren atxilotua —adin nagusitasuna zuen— atzo ilunabarrean eraman zuten epailearen aurrera, hilketaren ustezko erruduntasuna egotzita. 20:00ak aldera ekin zion deklaratzeari. Edizio hau ixteko orduan epaileak hartzeko zeukan atxilotuari buruzko erabakia.

Bestalde, Antsoaingo Udaleko talde politikoetako bozeramaileak bildu egin ziren herenegun, ezohiko bilera batean, herrian jazotakoaren aurrean erantzuna emate aldera. Festak bertan behera uztea eta bi dolu egun egitea erabaki zuten, hildakoaren familiari eta ingurukoei elkartasuna eta herri osoaren dolumina erakusteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.