euskara

Antsoaingo Udalak bertako Xalbador euskaltegia itxi nahi duela salatu du AEK-k

Euskaltegi hori herriko bakarra da. Etzi euskaltegia jasaten ari den egoera salatzeko manifestazioa egingo dute.

2009ko ekainaren 10a
15:39
Entzun
Antsoaingo Udalak (Nafarroa) duela gutxi euskaltegiaren kudeaketarako eskaintza publikoa ireki zuen, eta Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) salatu du eskaintza horren baldintzak betetzea "oso zaila dela" eta horregatik inork ez duela proposamenik aurkeztu. Beraz, "datorren ikasturtean Antsoainen euskaltegirik ez egoteko arrisku bizia dago, dagoeneko Xalbador euskaltegiak ezin duelako lanean jarraitu".

AEK-k salatu du Udalaren baldintzak zehazteko modua ez dela egokiena izan eta ez dagoela inongo arrazoirik Udalak Xalbador Euskaltegiari eskaini dion lokala kentzeko eta egoitzarik gabe uzteko. "Antsoainen ia 30 urtez euskararen aldeko lanean ibili eta gero ez dugu gure iritzia plazaratzeko aukerarik izan gainera, aipatutako eskaintzak jasotzeko baldintzek ez digute behar bezala lan egiteko aukera ematen eta Antsoaingo helduek euskara ikasi ahal izateko oztopoak ezartzen ditu".

Antsoainen euskaraz ez dakiten pertsona asko dago eta "argi dago, zerbitzu horren beharra oraindik ere badagoela", AEK-ren arabera. "Guztion artean bultzatu behar da nafarren hizkuntzaren ikasketa, eta gure ustez administrazioek finantzatu beharko lukete, Udalari oso gastu txikia ekartzen diola jakinda".

Horren guztiaren aurrean, Xalbador Euskaltegitik Antsoaingo Udalari dei egin dio "hartutako erabakia berraztertzeko eta denon artean elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko eta euskarak behar duen kontsentsua bilatzeko".

Etzi euskaltegia jasaten ari den egoera salatzeko manifestazioa egingo dute. Arratsaldeko 19:30ean Antsoaingo Rafael Alberti plazatik irtengo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.