Antton Ezeiza Sansinenea (Donostia, 76 urte) euskal zinema zuzendari, ekoizle eta gidoigilea hil da gaur, gaixotasun baten ondorioz. Gaizki zegoen azkenaldian.
Gaztetatik erakarri zuen Ezeiza zinema munduak. 50eko hamarkadan zine kluben mugimenduan parte hartzen eman zituen lehen pausoak. Donostia inguruan lehenik, Madrilgo Zinema Eskolara joan zen arte. Han ezagutu zuen Elias Kerejeta zinemagilea, eta harekin hasi zen lehen film laburrak zuzentzen; A través de San Sebastián lana (1960) tarteko. "Desastre hutsa izan zen, Cannesen Urrezko Palma irabazi eta aberastu egingo ginela pentsatzen genuen eta hurrengo egunean debekatu egin zuten". Hala gogoratzen zituen hasiera hartan izandako gorabeherak BERRIAn, 2003an.
Hainbat film labur eta Ikuska sailekoez gain, zortzi film luze egin zituen Ezeizak: El próximo otoño (1963), De cuerpo presente (1965), Último encuentro (1966), Las secretas intenciones (1969), Mina, viento de libertad (1976), El complot mongol (1977), Ke arteko egunak (1989) eta Felicidades, Tovarich (1995).
1989ko Donostiako Zinemaldian Donostia Saria eman zioten, eta 2003an Lur Ama. 1961eko Espainiako Gidoigile Elkartearen saria lortu zuen, eta 1967ko Cannesko Zinemaldiaren Urrezko Palmarako hautagaia izan zen.