Antton Izagirre: "Inaxio lider natural bat zen gure artean; abertzalea, euskaltzalea"

2014ko abuztuaren 18a
13:23
Entzun

Inazio Agirreren heriotzak dolumin mezu eta atsekabe sentimendu ugari eragin ditu ezagun zutenen artean.

Karmele Aierbe (Sortuko kidea)

"Galera handia izan da pertsonalki Inaxioren heriotza, maisu bat izan baita niretzat. Oso argi zituen ideiak, eta ekarpen handia egin dio ezker abertzaleari eta euskalgintzari. Euskal Herri euskalduna zuen helburu, eta biharko egunean hori horrela izan zedin jardun zuen beti; euskaraz bizi, euskaraz eragin...euskara izan zuen ardatz".

Antton Izagirre (Tolosako alkate ohia, Sortuko kidea)

"Inaxioren heriotza tolosar ororentzat eta gertutik ezagutu genuen lagunontzat sekulako galera da. Izan ere, bere lagunak egiteko gaitasuna naturala zen. Herri gizona zen; herrigintzan sinesten zuen, eta edozeren gainetik euskal arima zuen. Bera izan zen Tolosa Berreuskalduntzeko Elkartea sortu zuena, eta aipatu ezin diren lan eta indarrak xahutu zituen hori aurrera ateratzeko, helburu argi batekin; Tolosa izan zedin Euskal Herriaren bihotza euskarari zegokionean.

Hasitako lanak bukatu gabe joan da. Oso pertsona aktiboa zen, lanean ari zen, eta mila proiektutan murgilduta zegoen, eta horiek egin gabe utzi ditu. Baina egindakoak aipatu behar dira, eta handiak egin ditu. Berak sortu zuen euskara departamentua udalean, euskaltegia sortzea, Galtzaundi elkartearen sortzailea izan zen eta edozein proiektu abian jartzen zela Inaxio hor zegoen, batez ere euskararekin, abertzaletasunarekin eta herrigintzarekin zerikusia bazuten.

Egiteko utzi duena eta denon artean egin beharko duguna da ikastolaren museoa. Ikastolaren sustatzailea izan zen eta sekulako lanak egin zituen gurasoak eta gazteak mobilizatzen, eta amets handi bat zuen: urteetan ikastolan eginiko lan handi hori museo batean jasotzea, eta bera ari zen sustatzen, berak zeraman lidergoa. Azken hitzordua irailerako egin genuen, eta orain besteok egin beharko dugu egin gabe utzi duena. Inaxio lider natural bat izan da gure artean; abertzalea, euskaltzalea eta Euskal Herri euskalduna izango zela sinesten zuen horietakoa. Laguna eta aberrikidea galdu dugu".

Tolosako Udala

"Tolosako Udalak Inaxio Agirreren heriotzaren aurrean doluminak eta babes osoa adierazi nahi dizkio bere senitarteko eta ingurukoei.

Tolosar fina, udaberriko dantzari, inauterizale eta euskalzale amorratua izan zen Inaxio. Euskararen sustatzaile eta euskalgintzaren alde lanean beti. Tolosako Laskorain Ikastolaren bultzatzaile eta Tolosako Udalean zinegotzi 1983 eta 1987 urteen artean.

Tolosako herri zein Euskal Herriak herri honen nortasun zein hizkuntzaren alde bizi osoa eman duen persona handi bat galdu du. Azkenik esan, Udalaren ustez omenaldirik hoberena euskararen alde lan egiten jarraitzea da".

Sortu

Sortuko kideok atsekabe eta samin handiz jaso dugu Inazio Agirre gure kidearen heriotzaren berri. Euskal Herriaren eta euskararen militante nekaezina bart zendu zen, istripu batek eragindako zauri larrien ondorioz.

Ekarpen humano eta militante oparoa egin digu Inaziok: Ezker Abertzaleko antolakunde ezberdinetan parte hartuz, hainbat herri eragileetan, kulturgintzan, arlo instituzionalean eta bereziki, euskalgintzan. Euskara izan da Inazioren borrokarako tresna eta borroka eremu. Egun, Sorturen euskara lan taldeko kide genuen.

Doakie Sorturen izenean besarkadarik sentikorrena Inazioren senide eta lagunei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.