Antton Kurutxarri: "Uste dut Vallsek egin duela test bat ikusteko noraino joan ahal zen"

Irune Lasa.
2014ko ekainaren 3a
11:09
Entzun

Historia irakasleak azaldu duenez, kantonamenduen sorreran ere Frantzia saiatu zen Ipar Euskal Herriko muga orokorra hausten, baina azkenean ez zen ausartu, eta orain ere ez, «erreakzio aski azkar bat» izan delako.  

Zein da kantonamenduen jatorria?

Badakizu Liberté, Égalité, Fraternité dela Frantziaren goiburu handia. Iraultzaileek bigarren hori nahi zuten segurtatu, Frantziako Erresuman lehengo probintzien antolaketak desberdintasuna eragiten zuelakoan. Lehengo antolaketan bazen biltzeko ahala: adibidez, Lapurdin biltzarra zegoen, eta Baxenabarren estatu orokorrak; bazen eztabaidatzeko eta bozkatzeko modu bat, autonomia forma bat, eta Frantziako beste lurralde batzuetan ez zen halakorik. Orduan iraultzaileek eta haien ondokoek nahi izan zituzten frantses guztiak ezarri norma edo egoera berean. Hortakotz, 1790ean sortu zituzten departamenduak. Moztu nahi izan zuten Frantziako mapa lurralde beretan. Hasieran laukiak egin nahi zituzten; gero, ikusiz ez zela posible horrela egitea, halako lurralde batzuk egin zituzten, non prefeturatik / hiriburutik zaldiz egun bat hartzen zuen lurraldeak. 83 lurralde sortu zituzten, eta gero barnean horiek zatitu nahi izan zituzten eta ordezkaritza bat eman departamendu barneko eskualdeei. Horrela sortu ziren kantonamenduak.

Mugak nola ezarri ziren, probintziak oinarri hartuta?

Bai, nahiz eta hautsi nahi izan zituzten lehengo nortasun edo botere horiek, departamenduen hastapenean, kantonamenduak aitzin ziren arrondizamenduak; barneko eskualdeak atxiki zituzten, eta kantonamendu itxura hartu. Horiek errespetatzen zituzten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako muga historikoak eta baita Bidaxune ere, ipar Baxenabarreko lurraldea, Agramonteko jaunaren eskualdea. Ipar Euskal Herria errespetatua izan zen, oro har, baina barnean mugak hautsi zituzten kantonamenduek. Hori nahitara egina izan zen, lehengo probintziak hausteko. Lotu zituzten, adibidez, Zuberoako sei herri Baxenabarreri, eta Baxenabarreko lau herri Lapurdin ezarri zituzten. Baina, baitzen halako erresistentzia azkar bat, ez ziren menturatu garai hartan Euskal Herriko mugen haustera.

Berrehun urte hauetan ez dira batere aldatu?

Gureak, ez. Frantzia osoan eta gure eskualdean ere ez dituzte hunkitu. Mapa egon da kasik berrehun urtez zen bezala.

Zer dira kantonamenduak?

Ez dute botererik; kantonamendua hautesbarruti bat da. Hor, orain arte kontseilari nagusia hautatzen zen, eta hura departamenduko biltzarrera doa; han, Kontseilu Nagusiak ditu botere batzuk. Bideez eta Gizarte sailaz arduratzen da. Horiek dira haren bi ahal handiak.

Zertara dator deszentralizazio prozesua? Zertarako abiatu du hori Frantziako Estatuak?

Diote deszentralizazioa dela, baina ez da batere hori. Haien nahi nagusia zen ekonomiak egitea, diru gutxiago xahutzea eta berdintasun handiagoa eragitea. Izan ere, kontseilu nagusi horietan, Frantzia osoan eta gurean ere, gizonak dira nagusi, eta emazte gehiago nahi zituzten sarrarazi. Hori, batetik, eta, bestetik: kantonamendu gutxiago eginez, Frantzian kontseilari nagusi gutxiago izango dira. Oro har, Frantzia osoan kontseilari gutxiago izango dira orain, baina Pirinio Atlantikoetako departamenduan baziren 52 kantonamendu, eta orain 27 izango dira. Teorian, beraz, kantonamendu gutxiago izango dira, baina, lehen hautetsi bakarra bazen bakoitzeko, orain bi izango dira, eta orduan ez da ekonomiarik egiten. Bestalde, berdintasuna bai, segurtatua da. Hori da gauza berria. Hori da, nire iritziz, irabazten den, hobetzen den gauza bakarra.

Dena den, Kontseilu Nagusian, Biarno eta Ipar Euskal Herriaren pisuak aldatzen dira.

Bai, hori ere aldatzen da. Hori ere, egia da, hobetzen da. Erreformarekin kontuan hartu dituzte populazio migrazioak eta berdintzeak. Egia da gure baserri aldeak pisua galtzen duela; anitz kontseilari nagusi galtzen ditugu. Ni, adibidez, baigorriarra izanki, bagenuen Baigorrin kontseilari nagusi bat; ondoan, Garazin, bazen beste bat; Atharratzen, Zuberoako mendialdean, bazen hirugarrena, eta Maulen, Zuberoako zelaian, bazen bat. Guztira, lau ziren, eta orain bat bilakatu dira; laurak hautesbarruti bera dira [bi ordezkarirekin]. Beraz, baserri aldeak ordezkariak galtzen ditu, baina populazioaren arabera zuzenagoa da.

Zure galderaren harira, euskal eremua hobeki ordezkatua da populazioan. Lehen, 52 kontseilari nagusitatik 21 ziren Euskal Herritik eta 31 Biarno aldetik, nahiz proportzioan euskal eremuaren pisuak handiagoa izan behar zuen populazioaren aldetik. Orain, 27tik hamabi dira Euskal Herritik, eta hamabost Biarno aldetik. Hobekuntza txiki bat.

Kritikatu izan da herri elkargoak ez direla bat etortzen kantonamenduekin.

Herri elkargoak izan dira deszentralizazio handiagoaren ideiarekin egin ziren egiturak. Nafarroako Baztan, Erronkari eta ibar horiek bezala. Sistema zahar bat da, baina berriz ere horretara etorri dira. Hemen gu ere; Baigorri eta Garazin ibarka antolatu ginen iraultza baino lehen. Iraultzak hautsi zuen hori udalerriak sortuz, eta orain, udalerri horiek, batzuk oso ttipiak baitira, elkargoetan bildu dira. Eta horiek gero eta botere handiagoa hartzen dute, ez baitira hautesbarrutiak; eskumenak dituzte hirigintzan, eginbide sozialean, kirol konpetentzietan... Egia da, halaber, abertzale alderdiek eta eskuin zentrokoek galdegin zutela errespetatzeko herri elkargoaren muga horiek kantonamendu berri batzuk egitekotan, eta gutxi errespetatuak izan dira. 

Sozialistei leporatu zaie banaketa hori hauteskundeei begira egin izana.

Esan daiteke hori, bai. Adibidez, Amikuzeko kantonamendua eta Bidaxuneko kantonamendua sinbolikoak dira eskuinarentzat. Amikuzeko kontseilaria Bartelhemy Agerre Euskal Herri barnealdeko eskuineko hautetsi indartsua da, eta Bidaxunekoa, Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista, Pirinio Atlantikoetako departamenduburu izandakoa. Orain, bi kantonamenduak bat eginarazi dituzte zabalago batean. Nabari da ezkerrak hori eskuinaren ahultzeko egin duela. Alderdi handien arteko gatazkak dira horiek; eskuinak, esaterako, 1986an moztu zituen legebiltzarrerako hautesbarrutiak ezkerraren indarra hausteko.

Biarnoren zati bat Nafarroa Behereari gehitzean, haustura nahi zuten.

Bai, bai, zinez. Euskal Herrian jende askok sentitzen du badela borondate biziki jakobino bat. Parisko ezker batek bere genetikan atxiki duen gauza bat da jakobinismo hori, berdintasunaren segurtatzeko; iraultza garaian bezala, behar baitira hautsi nortasun guztiak.

Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari etorkizunik ikusten diozu?

Hori izan da epifenomeno bat ondoan, baina uste dut Vallsek egin duela test bat ikusteko noraino joaten ahal zen; saiatu da hausten muga, eta, ikusiz izan dela erreakzio aski azkar bat, berriz ere mugak ezarri dituzte. Ohartu dira lurralde elkargo inguruko aldarrikapen horrek badituela ondorioak, eta jendeak Euskal Herrian ez duela onartzen horrelako gauzarik, ezker, eskuin, zentro edo abertzale mundutik izan. Eta nik uste dut, nahiz eta eza izan den hiruzpalau aldiz, orain marka bat pasatu izan dela. Bada adostasun zabal bat Ipar Euskal Herrian; kasik denak ados dira, salbu ezkerreko jakobinistenak eta eskuin kontserbatzaileenak. Gainerako guztiek ulertu dute zer irabazten ahal zen lurralde elkargo batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.