Erresuma Batuko Poliziak eta Londreskoak Antton Troitiño Arranz eta Iñaki Lerin Sanchez atxilotu dituzte Londresen, ETArekin lotuta. Espainiako Poliziarekin elkarlanean egin dute operazioa, Efe berri agentziaren arabera. Euskal Herrian goizeko bostak inguru zirela atxilotu dituzte, Hounslow auzoko etxe batean.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak esan du "ETArentzat kolpe gogorra" dela gaurko operazioa. Haren ustez, Troitiñok erakunde armatuko zuzendaritzarekin "hartu-eman zuzena" zeukan, "ETArentzat erreferentzia bat baitzen".
Troitiño (Donostia, 1957) iazko apirilean geratu zen aske, kartzelan 24 urtean egon ondoren. Berez, 2011ko urtarrilaren 4an behar zuen aske, baina espetxealdian prebentibo moduan emandako denbora zela-eta 2017ra luzatu zioten zigorra. Aske uzteak polemika handia eragin zuen Espainiako politikagintzan eta Justizian. Lehen harrera jaso ostean, desagertu egin zen Troitiño.
Iazko arazoan hari espetxe zigorra sei urte luzatzeko erabakia berretsi zuen Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalak euskal herritarra aske utzi eta astebetera hartutako erabakiari oniritzia emanez.
Lerin (Iruñea, 1973) 2007tik ihes eginda zegoen, polizia iturriek diotenez, Donostia komandoaren kontrako operazioa izan zenetik. Haren anaia Jose Angel atxilotu zuten orduan.
Elkarretaratzea gaur Donostian, elkartasuna Berriozarren
Atxiloketak salatzeko elkarretaratze bat egingo dute gaur Donostian, Mirakruzko gainean, 20:00etan, Atxilotuak askatu. Biziarteko espetxe zigorrari ez! lelopean.
Berriozarko Mendialdea II ikastetxeko irakasle taldeak elkartasuna eta babesa azaldu die Iñaki Lerin eta haren senideei. Lerinen seme-alabek ikastetxe hartan ikasten dute eta bikotea guraso elkarteko kide da.
EAJren ustez, "ETAk porrot garbiaren itxura" jasan dezake
Josu Erkoreka EAJko diputatuaren iritziz, "ETA oso ahul" dagoela erakusten dute Londresko atxiloketek, eta eman beharreko pausoez gogoeta egiteko eskatu dio, bestela "porrot garbiaren itxura" izango duelako.
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak adierazi du "ETAk erabaki historikoa hartu zuen arren Espainiako Gobernuak lehengo estrategiak" jaraitzen dituela, "ez baitu gatazka konpontzeko inolako borondaterik".