Berria Fundazioak erabaki du nori eman aurten Berria Beka. Hamar proiektu aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak Antxeta Irratiaren Euskal irrati lokalak sakelekoan laguntzea aukeratu du, sakelako telefonoetan euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa sortzeko. Antxeta Irratiak proiektu hori garatzeko 6.000 euroko laguntza jasoko du.
Nagore Amondarainek, Jose Amezagak, Andres Gostinek, Joanmari Larrartek, Ana Ollok eta Martxelo Otamendik osatu dute epaimahaia, eta "egoera zailean dagoen euskarazko irratien sektorearen alde" egindako apustua nabarmendu dute, "hedabide tradizional bat teknologia berriekin lotu eta modernizatzeko ematen duen aukera" ere azpimarratuz.
Proiektu horrek euskarazko edozein irrati Euskal Herrian eta kanpoan entzuteko aukera emango du, eta epaimahaiak "indarrak bildu eta sinergiarako egiten duen ahalegina" baloratu du, "lurralde osoko hainbat irrati aplikazio baten barruan eskaintzeko egiten den planteamenduarekin".Gainera, egiten den inbertsioa gainerako irratien eskura jartzeko borondatea agertu dute (irrati libreak edo elkarte mailakoak) Antxeta Irratikoek.
Beste bi sari
Antxeta Irratiak proiektu hori garatzeko 6.000 euro eskatu zituenez, eta Berria Bekarako diru gehiago aurreikusi zenez, epaimahaiak beste 6.000 euro banatzea proposatu dio Berria Fundazioari, eta Nafarroako Aezkoa ibarreko Irati Irratiak eta Arabako Lautadako Txindurri Irratiak 3.000 euro jasoko dituzte bakoitzak. Kasu horietan euren diru beharra txikiagoa zela baloratu du epaimahaiak, eta euren proiektuak lagunduz eragina nazioa mailan izango dela aurreratzeaz gain, erdararen presentzia handia den inguruetan dauden irratiak direla hartu du aintzat epaimahaiak.
BERRIA FUNDAZIOA
Antxeta Irratiaren 'Euskal irrati lokalak sakelekoan' proiektuak irabazi du Berria Beka
Euskarazko irratien sektorea indartzeko egiten duen apustuagatik eta hedabide tradizional bat teknologia berriekin lotu eta modernizatzeko ematen duen aukeragatik 6.000 euro jasoko ditu Antxeta Irratiak proiektua garatzeko. Irati Irratiak eta Txindurri Irratiak 3.000 euro jasoko dituzte bakoitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu