Emakumeen Ahotsa proiektua garatzeko diru laguntza eskatu du Antxeta Irratiak Gazte Ekimen programan, eta ezezkoa jaso du. Europako programa bat da hori, baina Frantziako Gazte Sailaren agentzia batek kudeatzen ditu laguntzak. Ezetza arrazoitzeko, honako argudio hau eman du agentziak: "Egitasmoaren dimentsio europarra edo kulturaniztasuna ez dira nahikoak. Interesgarria da, gazteei begirakoa delako eta ahalduntze prozesu bat eskaintzen dielako. Baina euskara hutsean izateak eta kide gehiagoren faltak Europa mailako dimentsioa hutsean uzten du".
Emakume gazteen talde bat biltzea da Emakumeen Ahotsa proiektuaren xedea. Talde horrek, ondoren, irratsaio bat egingo luke Antxeta Irratian, emakume gazteen arazoei buruz aritzeko.
Antxeta irratiko arduradunek babesa eskatu diete Alain Lamassoure, Izaskun Bilbao eta Inaki Irazabalbeitia europarlamentariei. Europako Batzordean galdera bat erregistratu dute Bilbaok eta Irazabalbeitiak. Europako Batzordeari galdetu diote ea arrazoizkoa den proiektua Gazte Ekimen programako laguntza ez jasotzea, hizkuntza gutxitu batean garatua izateagatik. Frantziako administrazioak hartutako erabakiari buruz informazioa eskatuko duen galdetu diote batzordeari.