EPAIketa

Antza eta Iparragirreren aurkako epaiketa eten behar izan dute, fiskalak defentsaren abokatuei ETA laguntzea leporatu dienean

Antoine Comte abokatuak horrelako salaketak onartezinak direla eta defentsa eskubidea urratzen duela gogorarazi dio epaileari, eta fiskalaren jarduna eten ez izana leporatu dio. Defentsa kalera atera da, eta abokatuen dekanoak epailearekin negoziatu behar izan du epaiketak jarrai dezan. Fiskalak apalago aritzea onartu du. Zigor altuak eskatu dituzte auzipetuentzat.

2010eko abenduaren 14a
17:51
Entzun
"Eskandalu" hitza aipatu dute gaur Parisen Mikel Antza eta Soledad Iparragirreren aurkako epaiketa jarraitu dutenek. Fiskalaren txanda izanik, horrek hiru ordu eta erdi baliatu ditu zigor eskaerak egiteko, eta epaileak bukatu egin behar zuela ere ohartarazi du. Bukatzerakoan, ordea, defentsaren abokatuak ETA laguntzen ari direla ere esan du fiskalak, eta epaileak ezer egiten ez zuela ikusita Antoine Comte abokatuak mahaitik altxa eta "nahikoa da" oihukatu du.

Protesta egin dio abokatuak epailari, horrelako salaketak ezin direla onartu eta fiskala neurriz gain ari dela argudiatuz. Lekukoek esan dutenez, defentsaren abokatuak kondenagarriak direla esatea epaiketaren arauak hausten dituela ohartarazi dio epaileari, "modu zorrotz baina dotorean". Epaileak lasaitasuna eskatu du orduan, baina Comte epaiketatik atera da, eta defentsaren abokatuek epaiketa eten dute.

Abokatuen dekanoa agertu da orduan epaileari azalpenak eskatuz eta epaiketa berriro abiatzeko negoziatuz. Ez dute fiskala barkamena eskatzera behartu baina bai neurriz kanpo aritu dela onartzera, eta apalago ariko dela zin egitera. Tarte guzti horretan, gainera, Polizia oso urduri agertu da eta auzipetuek Eusko Gudariak abestu dute epaigelan.

Azkenean 14:15etan abiatu da berriro epaiketa, eta fiskalak zigor eskaerekin amaitu du. Espetxe zigor gogorrak eskatu ditu, besteak beste, 30na urtekoak Mikel Antza eta Soledad Iparragirrerentzat, 20 urtekoa Juan Kruz Maizarentzat eta bost eta hamabost urte bitartekoak beste auzipetuentzat. Arratsaldean jarraituko du epaiketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.