HISTORIA

Antzinako Donostia, euskaraz Twitterren

Hilabete ere ez da pasatu Twitterreko kontua sortu zuenetik, eta Koxkero Kaxkarina (@DoneSebastian Twitterren) jarraitzaileak irabaziz doa egunetik egunera.

2017ko abuztuaren 3a
12:38
Entzun

Ogibidez, argazkilaria, diseinatzailea eta freelance web garatzailea da Dabid Argindar (@argindar, www.argindar.com), eta beti izan du argazki zaharren inguruko interes handia. Joan den uztailean ireki zuen Koxkero Kaxkarina kontua Twitterren, eta garai bateko Donostiako argazkiak partekatzen ibili da azken asteetan, deskribapen guztiak euskaraz emanda. Hark argitaratutako argazkiek badute kutsu berezi bat. Hainbestetan ikusitako Kontxako hondartzako argazkietatik haratago, Donostiako herritarren eguneroko bizitza erakusten dutenak ere jartzen ditu: auzo xumeagoetakoak, arrantzaleenak, sardinerenak...

Argazki horiek familiarengandik jasoak dira, nahiz eta ez zuzenean haiek ateratakoak. Izebak hots egin zion egun batean hasi zen dena, hainbat urte lehenago hildako osabaren hainbat argazki bildumarekin zer egin ez zekiela eta. Argindarren osaba zena bildumazale amorratua zen, eta izebak gordetako bilduma horietako bat Donostiako argazki zaharrez beterik zegoen. Askotariko iturrietatik jasotako argazkiak ziren: egunkari, aldizkari eta liburuetatik moztutakoak; postal zaharrak, Madrilgo Rastro azokan erositako argazkiak... Osabak horiek guztiak albumetan biltzen zituela adierazi du Argindarrek, “txukun-txukun eta ondo dokumentatuta”, eta gehienetan urtea eta azalpen txiki bat ere gehituak zituztela.

Argazkilariari altxorra iruditu zitzaion bilduma hura, eta etxera eraman zuen, argazki guztiak eskaneatu eta digitalizatzeko. Lan horretan buru-belarri ari zela, Interneten jartzeko ideia bururatu zitzaion. Aurkitu zituen halako hainbat proiektu beste sare sozialetan, baina ez Twitterren; gainera, beste oinarrietan zeuden horiek guztiak gaztelaniaz zeudela ohartu zen. Hori ikusita, osabaren altxorra euskarazko Twitter kontu batean argitaratzea erabaki zuen, eta horrela jaio zen Koxkero Kaxkarina.

Izenari dagokionez, Argindarrek adierazi du osabari egindako omenaldi bat dela. “Nire osaba koxkeroa nahiko kaxkarina zen, Narrika kalean jaio eta hildakoa”, kontatu dio BERRIAri. Erabiltzaile izena aukeratzeko, berriz, Donostia hitzaren jatorriari buruzko ikerketa txiki bat Interneten egin, eta @DoneSebastian izatea erabaki zuen.

Facebooken ere badago antzinako Donostia

Argindarrek adierazi bezala, beste sare sozialetan badaude berearen antzeko proiektuak, nahiz eta ez diren euskaraz. Facebooken, hain zuzen ere, Desagertutako Donostia izeneko orriak 24.000 atsegite baino gehiago ditu. Mariona Tellaksortu zuen, 2013. urteko urrian, eta, hainbat erakusketatako argazkiez gain, jarraitzaileek bidaltzen dizkioten argazkiak jartzen ditu bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.