legez kanporatzeak

ANV legez kanporatzean eskubiderik ez zela urratu berretsi du Europak

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur eman du ebazpena. Aho batez hartu dute erabakia epaileek. Defentsak adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna urratu izana salatu zuen. (epaia, frantsesez)

2013ko urtarrilaren 15a
14:14
Entzun

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzera bota du EAE-ANV alderdiaren defentsak legez kanporatzeari buruz aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, berretsi egin du Espainiako Justiziak bere garaian hartutako erabakia. Izan ere, Europako auzitegiak uste du ez zela eskubideen urraketarik izan.

Epaimahaiak gaur goizeko hamarrak aldera jakinarazi du ebazpena; aho batez hartu du erabakia. Josep Casadevall, Alvina Gyulumyan, Corneliu Birsan, Luis Lopez Guerra, Nona Tsotsoria eta Kristina Pardalosek osatu dute epaimahaia, hain zuzen.

Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako eta Konstituzionalak berretsitako erabakiak oinarrizko bi eskubide urratzen dituela argudiatu zuen ANVren defentsak: 10. artikuluan jasotzen den adierazpen askatasuna, eta 11.ean jasotzen den biltzeko eta elkartzeko askatasuna.

- 10. artikulua. Adierazpen askatasuna. 1. Pertsona orok adierazteko askatasuna du. Askatasun honek barnebiltzen ditu bai iritzi askatasuna, bai informazio eta ideiak autoritateek esku hartu gabe eta mugarik gabe jaso edo komunikatzeko askatasuna. Artikulu hau ez da eragozpen izango estatuek irrati, zinematografia eta telebista enpresei aurrrez baimena eskuratu behar izateko baldintza ezartzeko.

- 11. artikulua. Biltzeko eta elkartzeko askatasuna. 1. Pertsona orok bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea dauka. Beste pertsona batzuekin batera sindikatuak sortzeko eta beren interesak babesteko xedearekin sindikatu horietara afiliatzeko eskubidea ere badu.

2008an legez kanporatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak

Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak 2008ko irailaren 16an utzi zuen legez kanpo ANV, eta Konstituzionalak 2009ko urtarrilaren 29an berretsi zuen erabakia, Batasuna legez kanpoko alderdiaren segida zela egotzita.

1930. urtean sortu zen ANV, eta legez kanpo utzi zuten bigarren aldia izan zen hura, frankismoan ere halaxe egin baitzuten.

2007ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu egin zen ANV. Foru zerrenda denak baliogabetu egin zituen Espainiako Justiziak, eta herrietakoak, erdiak. Alderdiak, denera, baleko botoak eta baliogabeak kontuan hartuta, 190.000 herritarren babesa jaso zuen.

ANVk bi aldiz jo du Europako auzitegira. Alderdia artean legezkoa zela Espainiako auzitegiek 2007ko bozetara aurkeztutako 245 zerrendetatik 133 baliogabetu izana salatzera joan zen aurrena. Estrasburgok 2008ko abenduan eman zuen ebazpena, eta ez zion arrazoirik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.