Politika

ANVk Batasunarekin lotura ekonomikorik duela ezin izan dute baieztatu polizi perituek

Hain militante gutxiko alderdi batek ezin dituela hainbeste hautagaitza antolatu erabili dute lotura egiteko argudio nagusi gisa. Gaur goizean hasi da ANVri buruzko auzi saioa Auzitegi Gorenean. EHAKren kontrakoa atzo arratsaldean hasi zen, eta polizia txostenetako ondorioak azaltzera mugatu ziren perituak.

2008ko ekainaren 17a
18:15
Entzun
EAE-ANVk Batasunarekin lotura duela azaldu dute behin eta berriz polizi perituek alderdi horri buruzko lehen auzi saioan, Espainiako Auzitegi Gorenean. Bi ardatz nagusi erabili dituztela lotura hori arrazoitzeko: batetik, ANV bezalako alderdi txiki batek -Poliziaren arabera 24 militante zituen 2000. urtean- ezin ditu 200 hautagaitzatik gora aurkeztu udal hauteskundeetan, 2007ko maiatzean egin zuen bezala. Bestetik, hainbat gaitan Batasunaren pentsaera ildo bera hartu duela, hala nola, AHTren kontrako jarreran zein Bilboko jaietan ikurriñaren omenaldia antolatzerakoan.

Nolanahi ere, ANVren defentsak lotura horiei buruzko datu zehatzagoak eskatu dizkietenean estuago ibili dira polizi perituak, eta lotura ekonomikorik ezin dutela frogatu aitortu behar izan dute.

Goizeko hamarretan hasi da Espainiako Auzitegi Gorenean EAE-ANVri buruzko epaiketa. Praktikan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduen bidez ANVk debekatua du politikan aritzea, bide penaletik. Orain, Auzitegi Gorenak bide zibiletik ANV legez kanpo uzten duen edo ez erabakiko da.

Egoera berean da EHAK. Atzo hasi zen Auzitegi Gorenean alderdi horren kontrako epaiketa, eta gaur arratsaldean jarraituko dute auzi saioek. Atzokoan EHAK-k eta Batasunak harreman estuak izan dituztela erakutsi zuten Estatuaren Abokatuak eta Fiskalak, berek proposatutako polizi perituen lekukotzen bidez, EHAK legez kanporatzeko auzi saio publikoen lehen jardunaldian, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Salako hamasei magistratuen aurrean. Baina, aldi berean, harreman horiek guztiak legearen barruan gertatu direla erakutsi zuten EHAKren defentsa abokatuek, perituei egindako galderen bidez. Gainera, EHAK-k zuzenean Batasunari ordainketak egin zizkiola adierazten duen «datu konkreturik» ez dutela aitortu zuen perituetako batek. 17:30ean hasi zen auzi saioa: Antonio Narvaez fiskala eta Manuel Pacheco Estatuaren abokatua alde batean; Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuak bestean; eta hamasei magistratuak, erdian.

Akusazioen eguna izan zen atzokoa, berek proposatutako perituek baino ez baitzuten deklaratu: hiru polizia, bost guardia zibil. Funtsean, EHAK alderdia Batasunaren aginduetara aritu dela, bere egoitzak Batasunaren zerbitzura jarri zituela eta Batasuneko kideentzat diru iturri garrantzitsua izan dela erakusten saiatu ziren fiskala eta Estatuaren abokatua, polizi perituen lekukotzen bidez. Kepa Landa abokatuak, hainbat alditan, zalantzan jarri zuen poliziak eta guardia zibilak peritutzat har daitezkeenik. Hortaz, idatzizko alegazioetan inpugnatu egin zituen guztiak.

Perituek ez zuten, funtsean, ezer berririk azaldu. Izan ere, Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak EHAK legez kanporatzea eskatzean aurkeztutako polizi txostenetako eduki ezagunak berretsi zituzten: besteak beste, Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak EHAKren Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan biltzen zirela, eta haietako batzuek lantokitzat zutela egoitza hura; EHAK-k Batasuneko hainbat kideri lan kontratua egin ziela, haien artean Mahai Nazionaleko hamalau kideri; EHAK-k, EAE-ANVk eta Batasunak diru kutxa bakarrarekin funtzionatzen zutela adierazten duten agiriak topatu zituztela Usurbilgo egoitzan; Juan Joxe Petrikorena Batasuneko Komunikazio arduradunak telefonozko mezuen bidez aginduak ematen zizkiola EHAK-ko Komunikazio arduradunari, Peio Galvezi; Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak Batasuneko Mahai Nazionalaren bilera batean parte hartu zuela; edota EHAK-k AHTren aurka egindako ekimenak ezker abertzaleko irizpideei jarraituz egin zituela.

Euskal Herrian AHTren proiektuaren aurka dauden talde guztiak ez direla ezker abertzalekoak argitu zion epaimahaiari lehenengo perituak, 19.242 zenbakiarekin identifikatutako poliziak. Baina, gaineratu zuenez, talde batzuek ezker abertzalearen irizpideen arabera jokatu dutela nabarmena da. Orduan, AHTri buruz aritzean EHAK-ko legebiltzarkideek Batasunekoen antzeko hitzak erabili ote dituzten galdetu zion Estatuaren Abokatuak, baina garrantzitsuena hori ez zela erantzun zion perituak: «Nik neuk ere berek bezala hitz egiten dut batzuetan», aitortu zuen. Perituak azaldu zuenez, askoz esanguratsuagoa da Ekinen agiri batean «une jakin batetik aurrera» ezker abertzaleko egitura guztiek AHTren aurka agertu behar zutela esatea, eta handik gutxira horixe gertatzea: «Aurrena Batasuna, gero Segi, ondoren LAB eta beste guztiak».

ORDAINKETAK. Lehenengo perituari galderarik ez zioten egin EHAK-ko abokatuek, baina bai gainerakoei: beste bi polizia eta bost guardia zibilei. Landa abokatuak, ikerketa ekonomikoari buruzko azalpenak eman zituzten perituei egindako galderen bidez, haien baieztapenak aztertutako dokumentuetan oinarririk ez zutela erakutsi zuen hainbat alditan. Esate batera, Batasunak prentsaurrekoak emateko erabiltzen zituen aretoen alokairua EHAK-k ordaintzen zituela frogatutzat eman zuten perituek, baina gero aitortu zuten EHAKren kontabilitatean ez dela halakorik ageri, ordainketak egin zituela frogatzen duen «datu konkreturik» ez dutela, berek ateratako ondorioa dela, Batasuneko kideen fakturak EHAKren karpetan atzeman zituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.