Politika

Anza Espainiako Poliziaren esku hil zela berretsi du Massey kazetari eta idazle frantziarrak

Zehazki, CGI inteligentzia zerbitzuko talde bati egotzi dio ETAko militantearen desagerketaren ardura, gaur 'Le Journal Euskal Herriko kazeta'-k dakarrenez. Frantziako "terrorismoaren aurkako" iturri fidagarriak aipatzen ditu albiste hori ziurtatzeko. Era berean, Anzaren desagerketaren ingurukoak argitzeko ezker abertzaleak EAJren laguntza izan duela dio 'ETA histoire secrete d'une guerre de cent ans' liburuan.

2010eko urtarrilaren 26a
18:10
Entzun
Talde armatuen inguruko hainbat liburu idatzi ditu Jacques Massey kazetari eta irakasle frantziarrak, eta oraingoan, ETAren azterketa egin du =iETA histoire secrete d'une guerre de cent ans liburuan, gaur Le Journal Euskal Herriko kazeta-k argitaratu duenez. Azken kapituluan dator Jon Anzaren inguruko albistea: Gara=i egunkariak bere garaian plazaratutako informazioa berresten du Masseyk, eta ETAko militantea Espainiako Poliziako CGI inteligentzia taldeak desagerrarazi zuela ziurtatu du. Zehazki, poliziaren galdeketan hil zen Anza eta haren gorpua ezkutuan lurperatu zuten.

Baieztapen hori egiteko Frantziako "terrorismoaren aurkako borrokako" iturri fidagarriak aipatzen ditu Masseyk, eta CGIk egindakoa agerian utziko luketen telefono entzunketak daudela dio.

Kazetari eta irakaslearen arabera, ezker abertzaleak EAJren laguntza izan du Anzaren desagerketa ikertzeko eta elkarlan horretatik iritsi zen Gara-ren informazioa. Hain zuzen ere, Ertzaintzatik jaso zuten jeltzaleek gero ezker abertzalearen ingurura iritsitako informazioa.

Masseyk liburuan dioenez, jeltzaleek horrela jokatu dute PSE-PP aliantzaren ondorioz Jaurlaritzatik kanpo geratu izanak sortutako suminduragatik eta berriro agintera itzultzeko itxaropenez.

Halaber, Frantziako DCRI inteligentzia zerbitzuak horren guztiaren berri duela ziurtatu du, baina auzitik ahalik eta urrunen egon nahi duela lehertuko balitz eskandalua litzatekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.