Tolosako auzitegiak ez ditu Anza auzian izandako «disfuntzioak» aztertu nahi. «Aferaren mamia» aztertzeko dagoela dio, ez Poliziaren, Justiziaren edo Administrazioaren akatsak ikertzeko. Alta, Maritxu Paulus Basurko eta Julien Brel abokatuen iritziz, disfuntzio horiek argitzea funtsezkoa da egia osoa azaleratzeko. Baiona-Tolosa tren txartela sakelan eraman zuten Anza erietxera. Buruan orbain handi bat zuen. Erietxeak berehala jakinarazi zion hori Renaud Soubelet Tolosako prokuradoreordeari, baina bertan gelditu zen ikerketa. Anza hil zelarik, gorpua ez hunkitzeko eta atxikitzeko agindua eman zuen, ohiko prozedura hautsi arren. Anzaren arropak ere desagertu ziren ondotik.
Anzaren pasaportea Tolosako objektu galduen bulegoan utzi zuen norbaitek maiatzaren 4an. Poliziak ETAko kide gisa zeukan arren, ez zuten bilaketarik egin. Anza artatzen zuen sendagilearen mediku agiriak ere bertan zeuden.
Prokuradorearen txostenean ehunka orri daude Anza atzemateko egindako lanekin. «Toki guztietan bilatu zuten, topatu zuten tokian izan ezik», adierazi zuen Brel abokatuak. Baionako prokuradorean aginduz, Baionako Polizia Judizialak ezezagunen bat edo Anza izeneko gizonen bat ote zegoen galdetu zuen erietxeetan. Ikerketa hori, ordea, Okzitaniako Saint Gaudinsen gelditu zen,Tolosara heldu gabe.
Abokatuek horren arrazoia ikertzeko eskatu zioten epaileari. Galdera Tolosan ere pausatu zutela jakinarazi zuen Baionako Poliziak. Baina ez idatziz, posta elektronikoz eta telefonoz baizik. Alta, erietxeek idatziz egindako galderak baino ez dituztela erantzuten nabarmendu zuen Brelek. Prozeduran agertzen ez zen mezu elektroniko bat agertu zen orduan. Poliziaren eskaria ageri da bertan. Bi oren geroago heldu zen Tolosako PJren erantzuna, hiriko hiru erietxeetan Anzaren arrastorik ez zegoela azalduz. «Asteak behar dira erantzun administratiboak jasotzeko, baina, kasu honetan, posta elektronikoz egindako galdera bati Tolosako hiru erietxeek bi oreneko epean erantzun ziotela sinetsi behar dugu, eta hori jakinez prozeduran ez zela elementu hori agertu».
2010eko martxoaren 15ean egin zioten lehen autopsia Anzaren gorpuari. Gorpua biziki desegina zegoen, eta heriotza naturala izan zela ondorioztatu zuten sendagileek. Heriotza gertatu eta hamar hilabetera egindako azterketak ezin zuela deus frogatu azaldu zuen Paulus abokatuak. Galdera alderantziz pausatu behar dela erran zuen. «Zergatik ez zuten azterketarik egin hamar hilabetez eta zergatik ez zioten autopsiarik egin 2009ko maiatzaren 11n, hil zelarik?», galdetu zuen.
Bizirik zegoelarik, osasun artak eman zizkioten Anzari erietxean. Osasun txostena epailearen esku dago. Eskatu diotelarik, sendagileari eskatzeko erantzun die epaileak. Alta, erietxeak ezin dizkio eman sendiari, batetik, txostena epaileari eman diolako eta, bigarrenik, prozedura abian den bitartean sekretupean dagoelako. «Beranduenez, Purpan erietxean zegoen gorpua Anzarena zela ondorioztatu behar zuten 2009ko maiatzaren 20a baino lehen», dio abokatuak. Autopsia egun horretarako egin izan baliote heriotzaren arrazoiak argitzeko elementuak egongo liratekeela erran zuen Paulusek.
Espainiako poliziak Tolosan
Anzaren gorpuari autopsia egin zioten egun berean, armak gelan utzirik gizon batzuek Tolosako Adagio hoteletik alde egin zutela zabaldu zen. Anza desagertu eta hil zen garaietan gertatu zen hori. Defentsak hori ikertzea eskatu zion prokuradoreari. Tolosako Terrorismoaren Aurkako Taldeak (GLAT) burutu zuen inkesta, eta horren bilduma txostenean sartzeko eskatu zuten abokatuek. Abokatuen arabera, epaileak ez du hori onartu, Anza ETAko kidea zelako eta ez zuelako familiaren esku utzi informazio hori.
Frantziako Poliziak Espainiako Poliziari itzuli zizkion armak, azalduz ez zutela loturarik Anzaren kasuarekin. Horren lekukotasuna ere eskatu dute abokatuek, baina ez dute lortu. Alta, Adagio hoteleko pistolen eta Espainiako Poliziaren presentziaren inguruan kontraesanak daudela azpimarratu du Brelek.
Anza erietxean egon zen hamar hilabeteak aztarna guztiak ezabatu eta Frantziaren inplikazioa desagerrarazteko erabili dituztela dio kolektiboak, eta eskatzen du eragileak galdekatzea, bertzeak bertze Alliot-Marie, Anne Kayanakis Baionako prokuradorea eta Marcel Aizoberri Baionako PJko kapitaina. «Renaud Soubelet Tolosako prokuradoreordeak azaldu beharko dio familiari zergatik ez zuen deus egin gorpua identifikatzeko 2009ko apiriletik aitzina».
Anza kolektiboak dio «disfuntzioak» egia gordetzeko baliatu dituztela
Jakinarazi dute Tolosako erietxean hartu zuten unetik Anza zela jakiteko elementuak zeudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu