Tolosan (Okzitania) agerraldi bat egin dute Anza zenaren senideek, abokatuek eta Tolosako Giza Eskubideen Ligako kideek, auzia itxi izana salatzeko. Anabel Anza arreba, Maixo Pascassio bikotekide zuena eta Julien Brel abokatua izan dira agerraldian, besteak beste.
Familiak salatu du heriotza naturalaren hipotesia nagusitua izan dela baina ez dutela hilketaren aukera ikertu. Abokatuek berriro eskatu dute ikerketaren akta, baina urte amaierara arte ez dute erantzunik jasoko. Ostiralean erabaki zuen epaileak auzia ixtea, nahiz eta aitortu ”disfuntzio” ugari daudela.
Erabaki horren kontra helegitea aurkeztu dute familiakoek, eta urte amaierarako espero dute erantzun bat. Aitortu dute ez dutela itxaropen handirik, baina prest agertu dira Europako Giza Eskubideen Auzitegira ere jotzeko, Anzaren heriotzaren nondik norakoak argi daitezen.
"Luzea izango da, baina ikusirik nola izan den landua gaia Frantziako Estatuan, Europako epaitegira arte ailegatu beharko dugula ematen du", erran du Giza Eskubideen Ligako ordezkari Pascal Nakachek.