Gipuzkoar bakoitzak, hilean, gehienez ere, bidesarietan 25 euro ordaintzea. Hori da Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena. AP-1 eta AP-8 errepideetan izango luke eragina neurriak.
Aurrera egitekotan, Bidegik onartu beharko du proposamena, diputatuen kontseiluak ondoren, eta Batzar Nagusiek eztabaidatu eta erabaki beharko dute azkenean.
Larraitz Ugarte Mugikortasun diputatuak gaur azaldu duenez, VIA-T txartelaren bidez egingo lukete kontaketa eta kobraketa. Onurak jasotzeko, erabiltzaileak ez du zorrik izan beharko Ogasunarekin, eta Gipuzkoan erroldatua egon beharko du.
15.000 familiari eragingo lioke neurriak, aurrera egingo balu. Familia bakoitzak hilean 700 euro aurreztuko lituzkeela adierazi du Ugartek.
Diputazioak gaur aurkeztutako proposamenak ez du loturarik Gipuzkoako errepide sarearen finantzaketari buruz Batzar Nagusietan egiten ari diren eztabaidarekin, Ugarteren esanetan.
Gipuzkoar batzuek bidesariak ordaintzen dituztela, beste batzuek ez, eta hori ez dela justua seinalatu du; gaur aurkeztutako neurria "injustizia horrekin bukatzeko lehen urratsa" dela adierazi du.
Bidesariei buruzko Batzar Nagusietako eztabaidak ez atzera ez aurrera jarraitzen du. Atzo bildu zen taldea, eta eztabaida irailerako utzi du ostera.
EAJk agerraldia egin du gaur, atzoko bilerari buruzko balorazioa egiteko. Bilduri leporatu dio "mozorrotze politikoa" erabiltzea bidesarien kontuan.
Bidesariei buruzko eztabaidan edukirik ez duela mahaigaineratu eta plangintza teknikorik ez dagoela leporatu dio EAJk Bilduri.