"Apartheid politikoa" salatzeko mobilizazio astea antolatu du AuBk

AuB Autodeterminazioaren Bilguneak mobilizazio astea antolatu du azaroaren 24tik 29ra "No apartheid. Autodeterminazioa Euskal Herriarentzat" lelopean. Ekimen hau maiatzeko hauteskundeak pasa eta sei hilabete betetzen direla gogoraratzeko prestatu dute. "Apartheid politikoa bizi dugula salatzeko antolatu dugu aste hau. Harrezkero, milaka eta milaka euskal herritar eskubide zibil eta politikorik gabe gelditu dira", azpimarratu dute Joxerra Etxebarria eta Ainara Armendariz AuBko kideek.

2003ko azaroaren 13a
16:06
Entzun
Etxebarriak eta Armendarizek ez dute zehaztu zer mailatan egin dituzten protesta ekintzak, eta herrietako plataformek bakoitzak bere mobilizazioak antolatuko dituztela aurreratu dute. "Euren eskubide zibil eta politikoak urratuak dituzten pertsona guztiei dei egiten diegu aste horretan kalera ateratzeko, lelo eta helburu horrekin", azpimarratu du Armendarizek, eta "herri bakoitzak ikusiko dugu zer ekimen egin", gaineratu.

AuBko kideek Foru Aldundiek eta udalek "herri borondatea aintzat hartu gabe eta gabezia demokratiko handiekin" lanean jarraitzea kritikatu dute, eta EAJ, EA, EB-IU eta Aralarri "egoera antidemokratiko honetan gestio lanetan jarraitzea" leporatu diete. Horrez gain, Autodeterminazioaren Bilgunea "marko politikoari buruz Euskal Herri guztian eztabaida egiten ari" dela nabarmendu dute eta garaia iristen denean publiko egingo dutela. "Ez gara Ibarretxe plana soilik aztertzen ari, baizik eta Nazio Eztabaidagunearen dinamika ere oso interesgarria iruditzen zaigu", azaldu du Etxebarriak.

"Ez gara joko horretan sartzen"

Ibarretxe planari Espainiako Gobernuak sartutako helegiteaz ere galdetu diete, eta Etxebarriak "joko horretan ez gara sartzen" erantzun die kazetariei. "Eszenatoki horrek muzin egiten die guk ditugun bi arazo nagusiei; batetik, apartheid politikoa bizitzen ari gara, eta bestetik, autodeterminazio eskubidearen errekonozimentua falta da", azaldu du Etxebarriak.

Halaber, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuako presidenteari bilera bana eskatu diotela esan dute, eta ez dutela inolako erantzunik jaso salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.