BIZKAIKO batzar nagusien 25.urteurrena

'Apartheida' salatu dute ezker abertzaleko batzarkide ohiek 25.urteurrenean

Bizkaiko Batzar Nagusien 25. urteurrena ospatu dute gaur. Alderdi guztietako ordezkariak izan dira han, bai batzarkide izandakoak eta baita izan gabekoak ere. Haien artean ziren ezker abertzaleko 20 bat diputatu ohi ere. "Oraindik ere" Batzar Nagusiak ez direla demokratikoak salatu dute, eta ez direla ezer ospatzera joan adierazi. Batzar Nagusietako presidente Ana Madariaga, berriz, oraindik lortu ez diren gauzak lortzeko itxaropentsu agertu da.

2004ko apirilaren 28a
16:36
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusien 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia hasi aurretik adierazpenak egin dituzte ezker abertzaleko batzarkide ohiek. Askatasunaren sinboloa den Gernikako arbola askatasunik ez dagoelako hil dela esan dute, eta 25 urte pasa badira ere Bizkaiko diputazioak ez duela demokrazia lortu salatu. Ildo horretatik apartheida erabiltzeaz salatu dute EAJ; EA eta EB-IUri, berriz, apartheida desagertzeko zerbait egiteko eskatu. Izan ere, ezker abertzaleko batzarkide ohien ustetan, EA eta EB-IUk apartheidaren kontra hitzegiten badute ere, gero ez dute ezer egiten.

Batzargela barrura sartu dira gero, denak, eta ekitaldia egin dute. Batzar Nagusietako presidente Ana Madariagak hitza hartu du, eta Diputazioaren historiaren errepaso bat egin du. Errepasoa eginda, "ETAren indarkeria" gainditzeko dutela adierazi du. Ibarretxeren planari dagokionean, berriz, elkarrizketa beharrezkoa dela esan du, baina, antza denez herritarrei kontsulta egiteak beldurra ematen duela. Bere hitzaldia itxaropen hitzekin amaitu du, "lortu gabeko gauzak lortzeko" itxaropenarekin.

Hitzaldiaren ondoren, orain arteko Ahaldun Nagusi eta Batzar nagusietako presidente guztiak omendu dituzte.

Ekitaldiak iraun duen denbora horretan guztian No apartheid eta Demokrazia Euskal Herriarentzat leloak zituzten kartelekin egon dira ezker abertzaleko diputatu ohiak, zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.