Kulturaldia Baigorrin

Apirilaren 27an ospatuko dute Nafarroaren Eguna

Basaizea elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu apirilerako, urteroko Kulturaldiaren barnean. Nafarroaren Egunarekin burutuko da eskaintza, Baigorrin.

Ihintza Bidart. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Iker Tubia.
2014ko martxoaren 26a
15:36
Entzun

Apirila euskal kultura bultzatzeko hilabetea izanen da Baigorrin (Nafarroa Beherea). Basaizea elkarteak Kulturaldia antolatu du, adin guztietako lagunei zuzendutako jarduerez beterik. Apirilaren 27an burutuko da, ekitaldi nagusiarekin: Nafarroaren eguna. "Euskal kulturaz gozatzeko eta, euskaraz, noski", azaldu dute Ihintza Bidart, Ramuntxo Bidart eta Kaiet Lapeyrade Basaizea elkarteko kideek gaur goizeko agerraldian.

Ohiko jarduerak izanen dira Baigorrin apirilaren 27an. Goizean kabalkada eginen dute musikari, bertsolari, dantzari eta ziganteekin. Ondoren, Elizaren ondoko plazan Basaizea elkarteak hitza hartuko du, eta ekitaldi txiki bat eginen dute. Ikastolek antolatutako bazkaria ere izanen da, eta arratsaldean kirol animazioa, dantza ikusgarriak eta kontzertuak Herriko plazan eta Xokoan.

Jarduerez beteriko hila

Basaizea elkartea urtean zehar euskal kultura biziarazteko lanetan dabilela nabarmendu dute, eta Kulturaldia horren erakusle da: "kalitatezko kreazioak", gaualdiak, gogoetak eta haurren ateraldiak antolatu dituzte. "Emeki-emeki, heriotzerat kondenatua zen herria iratzartzen hasi da. Baina piztu dena ez da itzaltzen utzi behar, indartu behar da", azaldu du Ramuntxo Bidartek.

Kulturaldia apirilaren 11an hasiko da, "Herrira-rekin eta Herrira-rentzat" antolatutako presoen gaualdiarekin. Elkarretaratzea eginen dute, eta ondotik kontzertuak izanen dira. Apirilaren 12an, berriz, Ukrainiako Joyeux petits souliers eta bertako Arrola taldeek dantza ikuskizuna eskainiko dute Xokoa plazan 21:00etatik aurrera. Gogoetak ere izanen du tokirik, helburuetako bat parte hartzea eta hausnarketa bideratzea izanen baita. Horretarako, apirilaren 18an gogoeta gaualdia antolatu dute. Gai nagusia herrian bizi eta herrian biziarazi izanen da, eta alorrean adituak diren lagunak gonbidatuko dituzte hitzaldietara.

Kultura eskaintza osatzeko Gabrielen lekua ikuskizuna eta Mikel Laboari kantaldia eskainiko dituzte apirilaren 19an eta 26an hurrenez hurren. Lehenbizikoa Gabriel Arestiren lana eguneratzea du helburu, bere obraren alderdirik garrantzitsuenak eta berari lotutako herriak uztartuz. Bigarrenean, Baigorri inguruko kantariek Mikel Laboaren kantak eskainiko dituzte, eta Zazpi aldiz elur ikuskizuna taularatuko dute lehenbiziko aldiz Ipar Euskal Herrian.

Haurrek ere izanen dute tokirik Kulturaldian. Apirilaren 22an Arrosatik Baionara trenez abiatuko dira eta jostatzeko parada izanen dute. Biharamunean mendi ateraldia eginen dute, eta arratsaldean eskulanak eta jokoak izanen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.