Aurten bezala, datorren urtean ere galdeketak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Gaur bertan jakinarazi dute Busturialdeko hainbat herrik (Bizkaia) noiz egingo duten bozketa. Hala, apirilaren 2an egingo da galdeketa Bermeon, Busturian, Kanalan, Nabarnizen eta Gernika-Lumon. Antolatzaileek, dena den, datozen aste eta hilabeteetan zerrenda handituz joango den itxaropena agertu dute.
Azkoitian (Gipuzkoa) oraindik egunik zehaztu ez duten arren, jarria dute helburua: datorren urteko udaberria. Ordurako dena prest egon dadin egingo du lan Urrats taldeak. "Ekainean hasi ginen bidea marrazten, eta ordutik, bileraz bilera, Urratsen izaera eta helburuak finkatu ditugu", azaldu dute kideek ohar baten bidez. Orotara, 40 azkoitiarrek osatzen dute talde eragilea, eta Urola Kostako beste bost herrirekin batera —Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Orio— egingo den galdeketa prestatzea da haren xedea.
Larrabetzun (Bizkaia), bestalde, atzo arratsaldean aurkeztu zuten herri galdeketa egiteko prozesua. Azkoitian bezala, han ere datorren urteko udaberrian egin asmo dute bozketa, eta horraino iristeko prozesua bideratuko duen Ebatzi izeneko batzordea aurkeztu berri dute.
Bihar, berriz, giza katea egingo dute Oiartzualdean (Gipuzkoa). Pasaiako badia inguratuko duen 8,4 kilometroko katea osatzea da helburua.