Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu ezker abertzaleko alderdia erregistratu ez izanak hainbat erreakzio sortu ditu Euskal Herrian, Gernikako Akordioko sinatzaileek apirilaren 2rako (larunbata) manifestaziora deitu baitute. Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! leloa izango du manifestazioak, gaur sinatzaileek Bilbon egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Bilbon izango da manifestazioa, Casillatik 17:30ean abiatuta.
Gorenak asteazken gauean hartutako erabakia salatu dute, eta ezker abertzaleak ere legezko behar duela aldarrikatu. Espainiako Estatuak ekinbide politikoko eragile denak legeztatu behar dituela adierazi dute Gernikako Akordioko sinatzaile denen izenean Josu Murgiak (Aralar) eta Amaia Agirresarobek (Alternatiba) prentsaurrekoan. "Bake eta normalizazio politiko agertoki baterantz bidean, giza eskubideak oinarri izanik, eskubide zibil eta politiko guztiekiko begirunea ezinbestekoa da".
Haien ustez, "estatuak Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua zapuztu nahi du horrelako erabakiekin". Gizarteari dei egin diote prozesuan parte hartzera eta "motore" papera betetzera.
Otsailaren 19an ere ezker abertzalearen legeztatzearen aldeko manifestazioa izan zen Bilbon, herritar talde batek antolatuta. Jendetza batu zen.
Irailaren 25ean aurkeztu zuten Gernikako Akordioa hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek; besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, ABk eta LABek.