Urtea hasi denetik izandako jaitsiera handiena izan du langabeziak Hego Euskal Herrian apirilean: aurreko hilean baino 3.884 langabe gutxiago zenbatu ditu INEMek, eta 97.884 lagun dira lanik gabe daudenak. Iazko apirileko langabeziarekin alderatuz, berriz, 2.116 lagun gutxiago dago langabezian. Baina lanean hasi diren horien lan baldintzak «oso eskasak» dira. Hala salatu du LAB sindikatuak: egin diren kontratu berrien %9,28 soilik izan dira mugagabeak edo finkoak. Gainerako guztiak behin-behinekoak izan dira, horietatik %77 hiru hilabete baino gutxiagorako, eta %2 soilik urtebete baino gehiagorako.
«Horrek argi erakusten du Espainiako Gobernuaren lan erreformak porrot egin duela», dio sindikatuak. Erreforma horren xedea kontratu finkoak ugaritzea zen, eta horretarako, besteak beste, gisa horretako kontratuak egiten zituzten enpresaburuei diru laguntzak ematen zizkieten. Laguntza horiek iazko abenduan amaitu ziren, «baina ordura arte bapo aprobetxatu dituzte enpresaburuek euren poltsikoak betetzeko», salatu du sindikatuak. Baina hori bakarrik ez, langabeziagatik eta Fogasagatik, kotizazioak murriztu egin dizkie enpresaburuei Espainiako Gobernuak, eta horrek «nabarmen gutxitu dizkie lan kostuak, poltsikoak are gehiago aberasteko aukera emanez».
Nafarroan egin da kontratu gehien apirilean: INEMek 1.673 langabe gutxiago zenbatu ditu. Gipuzkoan, berriz, 873 lagunek topatu du lana apirilean, eta Araban 838k. Bizkaia izan da langabezia gutxien jaitsi den lurraldea: 500 langabe gutxiago zenbatu ditu bertan INEMek, eta 44.472 dira langabezian daudenak.
Lanean hasi diren horien artean, halere, «desberdintasun nabarmenak» daudela salatu duLABek, eta «betiko moduan, betikoak dira kaltetuenak». Apirilean gazteei egindako kontratuen %7,4 bakarrik izan dira behin-behinekoak, eta emakumeei egindakoen %10,1 bakarrik.
Horregatik, Espainiako Gobernuari, patronalari eta CCOO eta UGTri lan erreformaren porrota onartzeko eskatu die LABek: «datuek ondo baino hobeto erakusten dutelako Madrilgo gobernuaren erreformak ez duela ezer egiten prekarietatearen kontra».
Apirilean 3.884 langabe gutxiago izan dira Hegoaldean
Lanean hasi direnen %90i behin-behineko kontratua egin dietela salatu du LAB sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu