Apirilean baino 6.139 langabe gutxiago izan dira maiatzean Hego Euskal Herrian

Emakumeei eta 25 urte baino gutxiago dituztenei eragiten die nagusiki langabeziak

Erredakzioa
2007ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
INEMek eskainitako datuen arabera, maiatzean langabezia jaitsi egin da Hego Euskal Herrian. Hilabete amaieran 91.745 lagun zeuden lan barik, apirilean baino 6.139 gutxiago, hain zuzen ere. Kontratu motei dagokienez, 90.834 izan ziren aldi baterakoak eta 8.809 soilik mugagabekoak. Emakumeek eta 25 urtez azpikoek pairatzen dute nagusiki langabeziaren arazoa.

Herrialdeka begiratuta, Bizkaian izan da beherakadarik handiena. Maiatzean, apirilean baino 3.426 langabe gutxiago zeuden, eta iazko maiatzarekin alderatuz, 5.435 gutxiago. Cebek BizkaikoEnpresen Konfederazioaren esanetan, datu horiek azken 25 urteotako «hoberenak» dira, eta urtea hasi zenetik lan merkatuaren bilakaera positiboa gertatzen ari delaerakusten dute. «Gure enpresak enplegua sortzeko gai dira lan jarduera haziz doan neurri berean», esan du. Bizkaian ez ezik beste herrialdeetan ere behera egin du langabeziak. Guztira 18.845 lagun zeuden egoera horretan, iaz bezalaxe. Gipuzkoan, aurreko hilabetearekin alderatuta, 1.031 lagun gehiago ari ziren lanean. Araban jaitsi da gutxien. Herrialde horretan iazko maiatzean baino 740 langabe gutxiago daude orain, INEMen datuen arabera.

KONTRATU MOTAK. CCOO sindikatuak langabeziaren jaitsiera albiste ona dela nabarmendu du. Hala ere, lan egoeraren bilakaera bestelakoa dela uste du sindikatuak. «Datu horiek ez dituzte ezkutatzen ditugun estruktura arazoak», azaldu du. Mugagabeko kontratu kopurua jarri du horren adibidetzat. «Estatuko mailatik behera gaude; mugagabeko kontratuei dagokienez, esaterako, azkenetakoak gara», adierazi du.Izan ere, Bizkaian 38.693 aldi baterako kontratu egin ziren maiatzean, Nafarroan 19.911, Gipuzkoan 19,766 eta Araban 12.452. Mugagabeko kontratuak 3.544,2.367, 1.797 eta 1.101 izan ziren hurrenez hurren.

Langabeziak emakumeei eta 25 urtetik beherakoei eragiten die gehien oraindik. 56.750 emakume zeuden lanik gabe pasa den hilean. Era berean, 25 urtez azpikoek ere zailtasunak dituzte lana aurkitzeko, INEMen arabera adin horretako 7.061 lagun ari dira lan bila.

Lan sektoreei dagokienez, zerbitzu alorrean dute langabezia mailarik handiena. Lanik gabe dauden 91.745 lagunetatik 60.296 lan eremu horretakoak dira. Industria arloa dator zerbitzu alorraren jarraian. Multzo horretan, 16.800 pertsona kokatzen dira. Era berean, eraikuntzan aritu ohi diren 7.506 lagun daude langabezian. Nekazaritzaren tasa apalagoa da, 1.084 lagunekoa hain zuzen.



ZenBaKIa

90.834

Aldi baterako lan kontratua. Hego Euskal Herrian aldi baterako 90.834 kontratu egin ziren maiatzean, apirilean baino 1.408 gehiago. Mugagabeko kontratuen kopurua askoz apalagoa izan zen: 8.809 soilik izan ziren gisa horretakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.