Apirilean egingo da GALekin lotuta egin gabe dagoen azken epaiketa

Planchuelori 1986an Baionako Batzoki eta Consolation tabernetan izandako atentatuak agintzea egotzi diote

Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Apirilaren 4, 5 eta 6an egingo da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, GALekin lotuta epaitzeko dagoen azken auzia: 1986an Baionako Batzoki eta Consolation tabernen aurka egindako atentatuei dagokiena. Sei pertsona zauritu zituzten eraso haiek.

Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Angeles Barreirok osatutako epaimahaiak epaituko du akusatua: Espainiako Poliziaren Bilboko buru nagusia zen Miguel Planchuelo. Sei hilketa saio eta lesio larriak eragin izana leporatu dio herri akusazioak. Hori da akusazio bakarra, fiskalak auzia artxibatzeko eskatu baitzuen, atentatuen egilea nor zen argitu gabe dagoela arrazoituta.

Jose Amedo eta Michel Dominguezi 108 urteko kartzela zigorra ezarri zieten 1991n bi taberna horien aurkako atentatuak egiteko mertzenarioak kontratatzeagatik. Planchuelori egozten zaiona da Amedori mertzenario portugaldar horiek kontratatu eta garraiatzeko agindu izana.

Aurrez zigortua

Aurrez ere zigortua dago Planchuelo, GALen erasoekin lotuta. Bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuen 1983an Segundo Marey bahitu izanagatik. Hura izan zen GALen lehen erasoa, eta auzi horren harira Espainiako Auzitegi Gorenak Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohia, Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohia eta Julian Sancristobal Estatuko Segurtasunerako zuzendari izana ere zigortu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.