Alonsotegi eta Bilbo artean dagoen errausketa labeak urtero 225.000 tona hondakin erretzeko ahalmena izango du. Asmoa da gaur egun Artigasko zabortegira botatzen dituzten zabor gehienak bertan erraustea. Guztiak ez, bilbotarren etxeetako hondakinak (150.000 tona batu ziren iaz, bertan) zabortegira botatzen segituko dute eta.«Europako Batasuneko agintariek argi utzi dute zabortegia azken aukera baino ez dena, eta herrialde gehienetan erraustu egiten dute gaur egun zaborraren %11. Guk oraindino zabortegira botatzen dugu etxeetan batutako hondakinen %70; udatik aurrera, baina, kopuru horren %40 Zabalgarbin erraustuko dugu Europako marka guztiak atzean utziaz», azpimarratu zuen Ingurumen diputatuak.2003 urteko datuei dagokienez, Madariagak zehaztu zuen Bizkaiko etxeetan, danetara,467.774 tona zabor batu zirela; hau da, aurreko urtean baino %1,7 gehiago. Horri dendetan eta industria txikitan batutakoa gehituz gero, kopurua 725.767 tonakoa izan zen. Eta horri guztiari eraikuntza eta eraispenetan izandako hondakinak batuz gero, iaz, Bizkaian, 1.131.305 tona hiri hondakin batu ziren.«Azpimarratu behar da etxeetan zabor gehiago sortu bazen ere, eutsi egin zitzaiola zabortegi kontrolatuetara eramaten den zaborraren kopuruari, birtziklatutako zatikiei esker», azaldu zuen diputatuak.
Iaz gehiago birziklatu zen
Datuen arabera, iaz birziklatzeko etxeetan bereiztu zen zabor kopuruak gorantz egin zuen, aurreko urtean baino %5,9 gehiago birziklatu zen eta: poltsa eta edukiontzitan bereiztutakoak, Garbiguneetara eramandakoak etaontziak eta tamaina handiko zaborrak batzeko etxerik etxeko zerbitzu espezializatuen esku utzitakoak batuz gero, 2003 urtean, herrialdean, 92.751 tona hondakin birziklatzea lortu zen.
Zabor poltsa ezberdinetan bereizten diren hondakinei dagokienez, gora egin dute hiru edukiontzi nagusietan batutako kopuruek: paperak eta kartoiak hartzen dituzten edukiontzietan 30.071 tona hondakin batu ziren, aurreko urtean baino %6,5 gehiago; beirak hartzen dituztenetan 20.883 tona, aurrekoan baino %6 gehiago; eta ontziak eta bilgarriak hartzen dituztenetan 13.410 tona, 2002. urtean baino %5 gehiago.Kopuru nagusihoriek bizkaitar bakoitzaren egunerokora egokituz gero, datuak ere argigarriak direla azpimarratu zuen Ingurumen diputatuak: «Herritar bakoitzak modu selektiboan 81,88 kilo zabor bildu zuen iaz. Kontutan hartzen badugu aurreko urtean, bataz beste, 77,32 kilo izan zirela bizkaitar bakoitzeko, izandako igoera %5,9koa izan da».
Batuketa hautakorra
Zaborraren batuketa hautakorrak arrakasta izan badu, azken urteetan Foru Aldundiak egindako ahaleginari esker izan dela esan zuen foru diputatuak. «Oso garrantzitsuak izan dira azaldu zuen Bizkaiko udalerrietan bilketa hautakorra egiteko ipini ditugun ekipamendu berriak, bai eta herritarren kontzientzia lantzeko egin izan digutun informazio eta sentiberatze kanpainak ere», gehitu zuen.
Azken hiru edo lau urteetako datuak ez direla «nabarmenegiak» aitortu zuen, sortutako zabor kopuruaren eta birziklatzeko batutakoaren igoera mailakatua izaten ari delako. Gogoratu zuen 1999. urtean izan zela aldaketarik nabarmenena, zaborrak kudeatzeko plangintzarekin hasi zirenean: 1998.ean batutako zaborraren %13,8 besterik ez zen birziklatu, baina handik urte betera %28,77 igo zen kopurua. Josu Madariaga diputatuak esan zuenez, aipatutako plangintza horretan zehaztu ziren helburu guztiak betetzeko, Zabalgarbi errauskailua martxan ipintzea eta beste hiru Garbigune gehiago egitea baino ez da behar. Falta diren Garbiguneak Bakion, Ondarroan eta Arratian egingo dituzte.
-
ERAIKUNTZA
Eraikuntzako hondakinei probetxu ateratzeko saioa
Bizkaian, 2003 urtean, 405.538 tona hondakin batu zituzten han eta hemen egindako eraikuntza eta eraispen lanetan. Josu Madariaga foru diputatuak nabarmendu zuenez, «datu oso adierazgarria da bildu den kopuru osotik 81.977 tona erreziklatu egin direla jakitea». Gogoratu zuenez, aurreko urtean 5.122 tona besterik ez zen lortu berreskuratzea. Kopuru aldaketa hori ez da kasualitatearen ondorioz gertatu. Izan ere, hondakinok batu eta berrerabiltzeko planta berezia iaz ipini zuten martxan, eta horrek eragin du aldaketa. Hondakinok berreskuratzeak dakartzan onurak nabarmenak direla azpimarratu zuen Madariagak. Ohartarazi zuenez, horri esker murriztu egiten da harrobietan egin behar den ateratze lana, hortik ustiatutakoen ordez erreziklatuak erabili daitezkeelako. Gai horiek, gainera, ez dutela arazorik eragiten ez garraiatzerakoan, ez biltegietan gordetzerakoan gaineratu zuen. Jarduerak, bestalde, ez duela elementu kutsakorren kontzentraziorik eragiten azpimarratu zuen eta, horiei probetxu atereaz, zabortegien epemuga atzeratzea lortzen dela azaldu zuen, obretatik ateratako hondakinak birziklatuz gero, ez direlako bertara eramaten. Diputatuak jakinarazi zuenez, Foru Aldundiak berak egiten dituen lanetan hondakin birziklatuok zelan erabili aztertzen ari dira.