Euskal herria

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %61ek ez dute konfiantzarik Patxi Lopezen Gobernuarengan

Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren arabera, Aintzane Ezenarro da politikari baloratuena, hamarretik 4,9ko balorazioarekin. Jarraian Patxi Zabaleta eta Iñigo Urkullu ageri dira, eta ondoren Patxi Lopez eta Joseba Egibar daude.

2010eko abenduaren 22a
16:10
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %61ek ez dute konfiantzarik Patxi Lopezen gobernuarengan. Zehazki, azaroaren 15aren eta 24aren artean egin zen inkestan, erantzuna eman zutenen %16k "batere konfiantzarik" ez dutela esan zuten, eta %45ek "konfiantzarik ez" dutela. %31k "nahikoa konfiantza" erantzun zuten, eta soilik %3k erantzun zuten "konfiantza handia" duela.

Hiru lurraldeetako biztanleen erdien arabera, Jaurlaritzak ez daki arazoak nola konpondu; %36k badakiela baina denbora behar duela uste dute. Sailka, Turismo eta Osasun sailak dira baloratuenak, eta horien ondoren Azpiegiturak, Hezkuntza, Kultura, Ingurumen eta berdintasun politikak baloratu dituzte hobekien. ETAren aurkako politika, 0tik 10era, 5 batekin baloratu dute.

5 horren azpitik utzi dituzte industria politika eta berrikuntza, nekazaritza eta arrantza politikak, gizarte segurtasuna, gizarte zerbitzuak, trafikoa, hizkuntz politika, Justizia, Ekonomia eta etorkin eta etxebizitza politikak. Orokorrean 4,2ko balorazioa jaso du Eusko Jaurlaritzaren lanak.

Politikarien artean (ezker abertzalekoak kanpoan utzi dituzte) Aintzane Ezenarro da baloratuena, 4,9ko balorazioa jasoz. Bere ondoren Patxi Zabaleta (4,6) eta Iñigo Urkullu (4,5) daude. Lopez laugarrena da Joseba Egibarrekin batera, 4,3ko balorazioarekin. Mikel Arana EBkoak eta Pello Urizar EAkoak 4,1ekoa jaso dute.

Erakundeei dagokienez, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzak bezain besteko konfiantza sortzen du. Alderdi politikoek orokorrean ere ez dute konfiantzarik sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.