Gazteen Euskal Behatokiak (GEB) eginiko ikerketa baten arabera, gazte lokalen fenomenoa oso zabaldua dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen artean: egun, bertako gazteen %20k lokala dute, eta beste %27ri edukitzea gustatuko litzaieke. Ikerketaren arabera, mota honetako lokalen erabiltzaileek 21 urte dituzte batez beste, eta gurasoen etxean bizi diren ikasleak dira; gehienak mistoak dira.
GEBek gazte lokalei buruzko txosten bat aurkeztu du. Hiru lurraldeak kontuan hartuta lonjei buruz egin den lehen ikerketa da, eta honen zergatiak eta ezaugarriak ezagutzeko baliatu dute azterketa; guztira, 15-29 adin tarteko 1.500 gazterekin hitz egin dute GEBko kideek, iazko azaroaren 23tik abenduaren 4ra bitartean eginiko deien bidez.
Gazte lokalen erabiltzaileen jarrera irizpideak ere aztertu ditu ikerketak. Lokalak autogestionatuak izan ohi dira, eta erabiltzaileen artean adosturiko legeen arabera funtzionatzen dute. Orain artean, Bilbo, Gasteiz eta Portugaleteten ere (Bizkaia) egin dira antzerako azterketak. Horietan ebatzi zen bezala, bizilagunekin eduki ditzaketen bizikidetza arazoak salbuespena dira; txostenaren arabera, azterturikoen %30ek baino ez dute izan arazorik.