Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak bat egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan maizen bisitatzen diren leizeak zerrendatu, eta koba horien fitxak osatzeko. Leize bakoitzaren ezaugarri nagusiak deskribatu dituzte ikerketan,eta, bakoitzak duen zailtasunaren arabera, barruan erreskate lanak antolatzeko aintzakotzat hartzeko oinarrizko informazioaere zehaztu dute. Horri esker, premia denean, erreskate lanak errazago egin ahal izango direla nabarmendu dute.
Izan ere, neke handiak eragiten dituzten erreskateak izaten dira,sarri askotan, kobetakoak. «Urtean era honetako 3-5 operazio egitean dira, baina izaten dituzten zailtasunen ondorioz, denbora eta jende asko behar izaten da horiek aurrera eramateko; zenbaitetan, ehun lagunetik gora behar izaten dira, eta hainbat egunetan zehar, gainera», azaldu zuen atzo Bilbon ikerlana aurkezteko egin zuten agerraldian larrialdietako teknikari Elena Monterok.
Euskal Espeleologoen Elkargoko presidente David Diezek zehaztu zuen, zenbait kasutan, koba barruan zaurituta edo irten ezinik geratu den pertsona artatzen hasteko, 15-20 ordu behar izaten direla, eta horrek arrisku handiko operazio bihurtzen dituela era honetako erreskate lanak.
Orotara, 37 koba zerrendatu dituzte.10 Araban, 23 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan. Klase guztietakoak. «Batzuk ia turistikoak dira», zehaztu zuen atzo larrialdietarako teknikari Elena Monterok. Karrantzan (Bizkaia) daudenetan sartzeko, esate baterako, prestakuntza apartekorik ez da behar izaten, eta jende askok bisitatzen ditu. Zerrendako beste zenbait kobak, ordea, prestakuntza maila handia eskatzen dute, eta espeleologo adituak baino ez dira sartzen horietan.
Leizezuloei buruz egindako fitxetan, zehaztu dute, besteak beste, zer luzera duten, zenbateko pendiz maila, zer tenperatura eta hezetasun, zenbat sarbide dituzten, eta nola hel daitekeen, ahalik eta bizkorren, horietara. Hala, ezein erreskate lan abiatu aurretik, bakoitzean aintzakotzat zer ezaugarri hartu behar diren hartu ahal izango da kontuan. 1996. urtetikera honetako 42 erreskate lan egin behar izan ditu Herrizaingo Sailak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako leizerik ezagunenak sailkatu eta zerrendatu dituzte, erreskateak errazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu