PSE-EEko idazkari nagusia aukeratzeko prozesua abiatzearekin batera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere hasi dira lurralde bakoitzeko buru izateko hautagai posibleak agertzen.
Araban, Ivan Ruiz de Eguilazek eta Cristina Gonzalezek aurkeztu dute euren burua Txarli Prieto ordezkatzeko. Ruiz de Eguilazek alderdiaren "eredua" aldatu nahi du, "gardena" izango den alderdi bat lortu, "azken aldiko akatsak" zuzentzen jakingo duena. Gonzalezek ere "alderdiak behar duen berritzean" lagundu nahi du, baita "batasuna" lortu ere. Azken horrek Gloria Sanchez eta Mikel Unzalu parlamentarien babesa du, besteak beste.
Bizkaian, Mikel Torres Portugaleteko alkateak gaur egin du agerraldia bere burua aurkezteko. Alderdia ezkerraren erreferente bilakatzeko asmoa agertu du, eta kalean egon behar duela iritzi dio, "herritarren arazoak dauden tokian". Torresek hainbat alderdikideren babesa izan du; aurkezpenean izan dira Alfonso Garcia eta Carlos Totorika alkateak eta Begoña Gil batzarkidea, beste zenbaiten artean. 3.000 militante ditu PSEk Bizkaian.
Gipuzkoan, Iñaki Arriola egungo idazkari nagusiak karguan jarraitu nahi du. Haren arabera, jarraituta ere berrikuntza ekar dezake, uste baitu Gipuzkoa "etengabeko aldaketa prozesu batean" dagoela. "Jende askorekin hitz egin dut, eta jarraitzeko esan didate", esan du. Arriolak sei urte daramatza kargu horretan.