PSE-EE eta PPren aldeko botoekin, Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko ikastetxeei diru-laguntzarik zuzenean ez ematea proposatu dio Jaurlaritzari. Gaur goizean eztabaidatu dute gaia Legebiltzarrean, UPyD alderdiak aurkeztuta. Azkenean, ordea, alderdi horrek kontra bozkatu du, euren asmoa laguntza "erabat" kentzea zelako. Izan ere, gaur onartutako proposamenak ez dio eragingo 2012. urtera arte Seaskari urtero 400.000 euro emateko jada hartuta dagoen erabakiari.
UPyDren proposamena zuzenketa batekin onartu dute PSEk eta PPk. Horren arabera, aurrerantzean diru-laguntzak Euskararen Erakunde Publikoaren bidez ematea proposatu diote Jaurlaritzari, baina beti ere diru-laguntza kopuru zehatz bat modu zuzenean adostu gabe. 2012. urtera arteko diru-laguntzaren inguruan, hori "errotik" moztea "arduragabea" litzatekeela esan du.
Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkideak Ipar Euskal Herriko ikastolak euskara bultzatzeko "beharrezkoak" direla defendatu du, eta Mikel Basabe Aralarrekoak PSEri euskararen arloan zentraltasuna irudikatuz "ez dena ez saltzeko" eskatu dio: "PPrekin hori ezinezkoa izango da", gaineratu du. Juanjo Agirrezabala EAkok bere aldetik krisia ezin zaiola euskarari ordainarazi esan du, eta laguntzan mantendu behar direla argudiatu du. Mikel Arana Ezker Batukoak ikastolen eraginkortasuna azpimarratu du.
euskara
Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko ikastetxeei diru-laguntzarik zuzenean ez ematea proposatu diote PSEk eta PPk Jaurlaritzari
Erabakiak ez du bertan behera uzten 2012. urtera arte Seaskari urtero 400.000 euro emateko erabakia. Laguntzak Euskararen Erakunde Publikoaren bidez ematea proposatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu