euskara

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako epaitegietatik euskara trebatzaileak kaleratu dituztela salatu dute

Donostian 50 lagun inguru bildu dira epaitegiaren aurrean kaleratzeak salatu, eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazitakoak gezurtatzeko.

2011ko urriaren 6a
16:48
Entzun

Gaur goizean 50 lagun inguru bildu dira Donostiako epaitegien aurrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako epaitegietatik hamalau euskara trebatzaile kaleratu dituztela salatzeko. Tomas Carrera LAB sindikatuko kideak esan du trebatzaileak orain dela lau urte hasi zirela lanean euskara normalizatzeko planaren barruan, eta eurak zirela, eta ez teknikariak, langileekin eskuz esku lanean aritzen zirenak.

Idoia Mendiak atzo esan zuen hamalau euskara teknikari daudela epaitegietan, baina Carrerak argitu du Gipuzkoako soilik hiru daudela: "Hamalau agian hiru epaitegien artean izango da". Gainera, LABeko kidek azaldu duenez teknikariak beste zeregin batzuetan aritzen dira, ez langileekin, eta kaleratzeen ondorioz aurrerantzean ez da bermatuko euskararen erabilpena epaitegietan.

Azken lau urteetan trebatzaileei esker epaitegietan euskalduntze giroa sortu dela dio Carrerak: "Ereduak euskaratu dituzte, hizkuntza juridikoa euskaratu eta landu, jendea euskaraz hartzeko lagundu, eta, batik bat, lanean hasi berri direnekin euskara landu; izan ere, hona funtzonario asko etortzen dira euskararekin harreman gutxi izan dutenak". Modu horretan lau urteetan epaitegietan euskararen erabilera "nabarmen" igo dela adierazi du Carrerak.

Horregatik salatu du murrizketak euskalduntze planaren muinean jo izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.