Araba espetxea betetzen hasi dira, lantaldea osatuta ez dagoen arren

Nahiz eta Langraizko kartzelako 560 preso mugitu, eraikin zaharra espetxe gisa erabiltzen jarraitzen dute

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Araba espetxea betetzen hasi da Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusia. Langraizko espetxe zaharretik (Araba) espetxe berrirako preso gehienen garraioa atzo bertan egin zuen: 560 pertsona inguru mugitu zituen Ertzaintzak espetxe berrira, zortzi kilometro inguruko bidea eginda. Horiek ez dira izan Zaballako bolborategi zaharrean egindako espetxera heldu diren lehen presoak, ordea; azken asteetan, sukaldeaz eta garbitegiazarduratuko direnak aldatu dituzten bertara. Guztira, 605 preso inguru daude gaur egun espetxe berrian.

Araba espetxea presoz betetzeko prozesua kritikaz josita egon da, kartzela eraikitzeko prozesu osoan gertatu den moduan. Lantaldea osatu gabe dagoela agindu dute espetxe aldaketa, eta horrek sindikatuen kritikak piztu ditu. CCOOk salatu du Langraizko espetxe zaharreko lantalde bertsua dagoela, eta langile kopuru hori espetxe zaharrarentzat ere txikiegia zela. Espetxe zaharrak 473 ziega ditu, eta berriak 720, SIEP Presondegiko Hornikuntza eta Azpiegituretako Espainiako Elkartearen datuen arabera.

ELAk nabarmendu du Araba espetxearen funtzionamendu egokia bermatuko lukeen langile kopuruaren erdia baino gutxiago dagoela. «Zentroaren segurtasuna arriskuan jartzea dakar neurri horrek, baita langileen lan baldintzen okertzea ere». Presoak espetxe berrira «korrika eta presaka» eraman nahi izatea leporatu diote bi sindikatuek Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari, eta hari leporatu dizkiote neurri horrek eragin ditzakeen kalte guztiak.

ELAk eta CCOOk gogorarazi dute presoen beren eskubideak kolokan uzten dituela, espetxearen segurtasuna eta bertako langileen lan baldintzak «kolokan» jartzeaz gain. Zehaztu dute baldintzatuta egon daitekeela presoei eta haien senideei ematen dieten arretaren kalitatea. Espetxera doan garraio publikorik ere ez dagoela salatu du CCOOk, eta horrek langile, senide eta presoen mugikortasuna baldintzatzen duela gaineratu.Hala, Langraiztik Oka herrira zortzi kilometro inguru daude, eta N-1 errepidera bi kilometro luzeko errepide aldapatsua. ELAk gaineratu du «erabaki alderdikoi» baten ondorio direla kalte guztiak.

Erregimen irekia, Langraizen

Egoera horren ondorioz, espetxe berrian ere ziega partekatzen jarraitzen dute heldu berri diren hainbat presok; langile falta horren ondorioz, modulu jakin batzuetan pilatu dituzte, zaintza errazteko. Espetxe berriak Langraizko kartzelako pilaketaamaitzen lagundu behar zuen arren, behin-behinean ez du konpondu arazoa. Marta Aldanondo Salhaketako kideak nabarmendu du aurreikus zitekeen zerbait zela. Hain zuzen ere, gogorarazi du hasieratik bertatik ziega guztietan bi ohe jarri zituztela, izango zuten erabileraren erakusgarri.

Langraizko espetxe zaharreko preso gehienak mugitu arren, oraindik 60 inguruk jarraituko dute bertan. Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendariak iragarri zuen erregimen irekian zeuden presoek bertan jarraituko zutela, eta ez da ezustekorik gertatu. Langraizko espetxera lo egitera doazen preso horiek bertan egongo dira, Gasteizen gizarteratze zentro bat egiten den arte. SIEPek zentro hori eraikitzea espero du, baina leku bat bilatzeko egin dituen ahalegin guztietan herritarrak guztiz aurka agertu dira. Javier Maroto Gasteizko alkateak berak zentro horren aurkako jarrera argia erakutsi du.

Erregimen irekian dauden presoez gain, espetxeko funtzionarioak ere bertan mantenduko dira, espetxe eremuko etxebizitzetan jarraituko baitute. ELAk salatu du PSOEk agindu zuenaren aurka doala bi espetxeak aldi berean irekita edukitzea. «Gallizok agindutakoaren aurkakoada, eta diru xahutze eskandalagarria». Besteak beste, Langraizko PSE-EEko alkateak espetxe eremua herriarentzat izango zela agindu zuen, eta bertan egin beharreko zenbait egitasmoren berri eman zuen.

ETAko presorik ez

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak azaldu du «terrorismo» delituagatik espetxeratu arren ETAtik «aldendu» diren hogei preso daudela Araba espetxera aldatu dituzten presoen artean. Halaber, erregimen irekian daudenak sei eta zortzi artean direla jakinarazi du, eta horiek Langraizko espetxe zaharrean gelditu direla.

Espetxe berrira ETAko presorik mugitu ez dela berretsi du Espetxe Erakundeetako Idazkaritzak, Gallizok Araba Espetxearen inaugurazioan nabarmendu zuen bezala. Arabako espetxeetan daudenak «aleka» mugitu dituztela azaldu du, eta etorkizuneko neurriak gobernu berriak hartu beharko dituela gaineratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.