Araba Euskaraz ekainaren 16an egingo dute, Olarizun, ‘Mugaezin’ lelopean

Oiongo San Bizente ikastolari bultzada ematea izango dute xede.

2024ko Araba Euskaraz ikastolen jaia aurkeztu dute gaur. ARABA EUSKARAZ
Edurne Begiristain.
2023ko urriaren 27a
16:08
Entzun

Olarizuko zelaiek hartuko dute berriro ere Arabako ikastolen jaia. 2024ko Araba Euskaraz ekainaren 16an egingo dute, Olarizun, eta Oiongo San Bizente ikastolari bultzada ematea izango du xede. Gaur aurkeztu dituzte jaiaren nondik norakoak.

Mugaezin lelopean egingo dute datorren urteko Araba Euskaraz, «gure hizkuntza horrela, mugarik gabe, irudikatzen dugulako. Mugarik gabe, euskaraz prestatu eta hazi nahi duten guztientzat. Gure gogoa, borondatea eta pasioa ere mugagabeak direlako», azaldu dute antolatzaileek. Logoak, berriz, «infinituaren» ideian du inspirazioa, eta Arabako zortzi ikastolen arteko lankidetza irudikatzen du. Izan ere, azken bi urteotako ideiari jarraituz, auzolanaren eta elkarlanaren bidetik jarraituko dute, eta Arabako zortzi ikastolak elkarrekin antolatuko dute Araba Euskaraz. Espiralak zortzi ekilore hosto ditu, zortzi ikastolek ordezkatzen dituztenak; «hazkunde, aniztasun eta lankidetza» sinboloak ere badira, elkarrekin «osotasun harmoniatsu eta bateratua» osatzen baitute, antolatzaileek esan dutenez. Kolore horiak argia, energia eta bizitasuna adierazten ditu.

Ekainetik hona lanean aritu dira zortzi ikastolak urtean zehar egingo dituzten ekinaldiak antolatzeko, baina oraindik azken ukituak egin behar dizkiote egitarauari, eta aurrerago jakinaraziko dute. Hala ere, aurreratu dutenez, iaz bezala, aurten ere Araba Euskaraz lurralde osora hedatu nahi dute. Batzordeak eta lantaldeak ere sortu dira, besteak beste, materiala saltzeko, babesleak bilatzeko, muntaketa lanak egiteko, eta abarretarako.

Oiongo San Bizente ikastolari eta haren hezkuntza proiektuari bultzada ematea izango du helburu 2024ko Araba Euskaraz-ek. 1976. urtean sortua, Oionen errotua dago ikastola. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta oraintxe 201 familiak, 288 ikaslek, 34 irakaslek eta langilek osatzen dute ikastolako komunitatea. Kooperatiba gisa funtzionatzen du, eta «kalitatezko zerbitzua» eskaintzea da ikastolaren helburua. «Familia, irakasle eta ikasle aitzindariek duela mende erdi hasitako ikastolen mugimendua erabat errotuta dago Arabako Errioxan. Urte hauetan guztietan, lortu dugu kuadrilla honetako euskaldunak eta ia euskaldunak %4 izatetik %40 baino gehiago izatera igarotzea», azaldu du Arturo Lopez de Lacalle Oiongo ikastetxeko zuzendariak aurkezpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.